Oñatiko udala

56 herritar hasi dira euskara ikasi eta hobetzen Udal Euskaltegian

2023/10/06
Card image cap
7 talde eratu dira eta zenbaitetan lekua dago oraindik

  Sentimendu gazi-gozoa adierazi digute Udal Euskaltegiko arduradunek aurtengo matrikula kanpainaren emaitza baloratzerakoan; 56 herritar hasi dira astean euskara ikasi eta hobetzeko eskolak hartzen eta euskaltegiko hiru irakasleek lan jarduna beteta dute baina ez da zaintza edo ostalaritza sektoreetan dihardutenen talderik eratu aurten.

  Hutsetik abiatu eta euskaraz gutxieneko ulermen maila lortu eta ohiko elkarrizketa arruntak euskaraz jarraitzeko gai izatea zen ikastaroaren helburua baina ez da halako talderik izango hiruhileko honetan. A1 mailako taldeak izan ohi dira, eta lan arlo jakin batean diharduten langilez osatutako talderik eratu ez bada ere, maila horretako bi talde hasi dira Euskaltegian, bat goizez eta bestea arratsaldez. A2 mailako beste talde bat hasi da eta horren jarraipenekoa den B1 mailako beste bi ere bai. Euskararen ezagutzan salto eginda, C1 eta C2 mailako beste talde bana osatu dira Udal Euskaltegian. 7 talde eta 56 ikasle, guztira. Horiei eskolak ematen jardun osoan diharduten hiru irakasle ari dira Bedita Larrakoetxea euskaltegian.

  Talde batzuk guztiz beteta dauden arren, zenbaitetan bada tokia oraindik. Beraz, norbaitek interesa balu, dagokion mailako taldean lekurik ba dagoen galdetu dezake, Bidebarrieta kaleko Euskaltegira hurbilduta.

  Astean 2023-2024 ikasturteari ekin dioten ikasleetako batzuk dirulaguntza eskuratuko dute kurtso bukaeran, aprobetxamendu ona erakutsi ondoren. Baita iaz hasitako euskara prozesuari jarraipena ematen diotenek ere, matrikularen % 25a itzultzen baitzaie. HABEk eta Udalak euskara ikasi eta hobetzeko hartutako konpromisoa saritzen dute, elkarren osagarri diren dirulaguntza eta bekak eskaintzen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!