532.000 euro jaso ditu Oñatiko Natur eskolak Europar Batasuneko Next Generation funtsetik
Abenduan jaso zuen Udalak Next Generation laguntzen inguruko lehen ebazpena baina orain, urtarrilean iritsi da berrespena. Udalak 532.000 euroko laguntza jaso du Europar Batasuneko Next Generation funtsetik, Natur eskolaren birgaitze gastuak arintzeko. Oro har, efizientzia energetikoa eta iraunkortasuna hobetzea bilatzen du Europako programak, mira jarriz bereziki, lehen mailako energia ez berriztagarria %30 baino gehiago murriztean, irisgarritasunean, bizigarritasunean eta eraikuntza parkearen kontserbazioan. Europatik ekarpen esanguratsua jaso dela adierazi du Izaro Elorza alkateak, egindako birgaitzearen aitortza moduan ere ulertu daitekeela azpimarratuz.
Kalitatea, sendotasuna, ikuspegi integrala, berrikuntza, aukerak eta gobernantza erdigunean jarririk, puntuazio altuenak lortu dituzten proiektuak lagunduko ditu Europar Batasunaren Next Generation programak. Eta egitasmoaren oinarrietan jasotzen denez, erakunde publikoek izan beharreko jarrera eredugarrian sakondu nahi da, nagusiki, energia alorreko esku hartzeak eta proiektuen kalitatea bultzatuz; efizientzia energetikoa eta deskarbonizazioa erdigunean, kalitate handiko eraikinak sustatu nahi dira 2050. urtera begira.
Natur eskolako birgaitzea bioeraikuntzan oinarritu zuen Udalak, baina eraikina bera ere heziketarako bitarteko bihurtzeko helburuz. Hala, eskola isolatzeko ahalegin berezia egin zen eta, horrez gain, su-egur bidezko inertzia handiko berogailua, ikasgelak berotzeko eguratseko energia termikoa baliatzen duen aerotermia sistema edota ur zikinak garbitzeko fito-arazketa putzua ditu, besteak beste.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!