5.630 ikasle hartu zituzten Natur Eskolan, 2023-2024 ikasturtean
Guztiz berritutako egoitzan laugarren ikasturteari ekin berri diote Natur Eskolakoek. Kurtsoa hastearekin batera, aurreko ikasturteko datuak jakinarazi dizkiete udal arduradunei. Natur eskolatik zein Ingurumen astearen baitan antolatutako erakusketatik guztira 7.545 ikasle, irakasle eta herritar pasatu dira 2023-2024 ikasturtean.
Natur Eskolaren programaren barruan egiten den eskaintza zabalean 5.630 ikaslek parte hartu zuten aurreko kurtsoan. Aipagarria da, 10etik 6 oñatiarrak izan zirela, konkretuki, 3.407 ikasle. Besteak, Euskal Herriko ikastetxe ezberdinetatik etorritakoak dira. Oñatiko ikasleak, nagusiki, udazken-neguan joan ohi dira Natur eskolara, adinaren arabera, eta eskolan lantzen ari diren gai ezberdinekin uztartuz, Natur eskolakoek prestatzen dituzten irteera eta ekintzak egitera. Goiz edo arratsaldeko ekintzak izan ohi dira, gehienetan. Kanpotik berriz, egun osoko ekintza programa burutzera etorri ohi dira eta, ahal izanez gero, udaberrian.
Natur eskolako eskaintza doan da herriko ikastetxeentzat baina kanpotik datozenek 4 € ikasleko ordaindu behar dute. Azken ikasturtean izandako bisita balantzearekin batera, diru kontuen berri eman dio Tantai enpresak Udalari, kanpotik etorritako ikasleen kuotetatik 8.892 euro jaso zituztela jakinaraziz. Diru kopuru horren erdia otsaila-martxoan antolatu ohi duten Ingurumen astea finantzatzera bideratuko da.
Natur Eskolan egin ziren birgaitze lanen ondorioz, eraikinak berak funtzio pedagogikoa betetzen du, eta eskolan lehendik zituzten bildumak, txoko eta baliabideak osatu ditu. Bioklimatizazioa edo bioeraikuntza bat zer den, besteak beste, bertatik bertara ikusi eta ikasi daiteke.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!