Oñatiko udala

4 langabe gutxiago zenbatu dira Oñatin, urrian, aurreko hileko beheranzko joera berretsiz

2024/11/06
Card image cap
Kontratazioek gora egin ohi dute gurean, udazkenean

  305 langabe zenbatu ziren Oñatin, urrian, aurreko hilean baino lau gutxiago. Ondorioz, langabezia tasa %5,61 da, urteko bigarren tasa baxuena, maiatzean erregistratu zenaren atzetik.

  Emakumeen kontratazioari esker murriztu da langabezia gurean, 19 gutxiago erregistratu baitira, aitzitik, aurreko hilabetean baino bost gizon langabe gehiago zenbatu dira. Horrek adierazten du, irailean antzeman zen beheranzko joera berretsi dela eta orduan aipatzen genuen, emakume eta gizon langabeen arteko aldea pitin bat murriztu dela; une honetan, Oñatin lan gabe dauden 100 lagunetatik 63 emakumeak dira, irailean, 66 ziren. Adinari erreparatuta berriz, 25 eta 44 urte bitarteko artean egin du behera langabe kopuruak, gurean. Aipatutakoak, SEPEk helarazitako datuak dira.

  Oñatin ohikoa izaten da irailean eta urrian ez ezik, azaroan ere langabezia gutxitzea, hau da, udazkenean kontratazioak handitzea, Gabonetako kanpaina eta urte akaberarako lan kargari aurre egin ahal izateko. Herriko enpresek egiten dituzten denboraldi-kontratazioari, udan eteten diren hezkuntza arloko kontratazioak batu behar zaizkio. Udazkeneroko kontratazio-handitze joera bete da urtaroko lehen asteetan, azaroan eta abenduan jarraipenik izango ote duen, ikusteko dago.

  Ikuspegia zabalduz gero, Debagoienan, Gipuzkoan eta Hego Euskal Herrian, joera bestelakoa izan dela ikusten dugu, hau da, urrian, langabe kopuruak gora egin duela. Eskualde mailan, Oñatin eta Antzuolan bakarrik murriztu da langabezia, eta orokorrean, 59 langabe gehiago zenbatu dira. Gipuzkoan 225 langabe gehiago daude eta Hego Euskal Herri mailan, 977 langabe gehiago. Baina aipatzekoa da, sexuaren araberako proportzioa parekatuagoa dela Hego Euskal Herri mailan, langabe daudenen %58,6a emakumeak direlako, Oñatin, %63 denean, lehen esan bezala. Eta azpimarratzekoa da, baita ere, langabe kopuruak gora eginagatik, inoizko afiliatu gehien dagoela egun Hego Euskal Herrian. Horrek, berretsi du afiliazioak igotzeko lehendik zuen joera, uztaila-abuztuko parentesia iraulita. Une honetan, ekainean baino ia 2.400 langile gehiago daude Gizarte Segurantzan afiliatuta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!