35. Master ikasturtea hasi da gaur Lege Soziologia Institutuan
Aukera bikoitza ematen du Lege Soziologia Institutuak, master ikasturtea osorik egin edo mintegi soltetan parte hartu. Kasu honetan izen-ematea mintegia hasi baino bi aste lehenago ixten da.
Espainia, Portugal, Frantzia, Erresuma Batua, Herbehereak, Austria, Letonia, AEB, Egipto, Bangladesh, Irak, Turkia eta Australiatik etorritako 15 ikaslek gaur goizean ekin diote master ikasturte berriari. Gehienek, ostatua Antixena egoitzan hartuko dute, udaberri hasierara arte. Martxoaren 28an amaituko da azken mintegia eta ikasleak jaioterrietara itzuliko dira tesina osatzera. Irailean egin ohi dute azken lan horren aurkezpena.
Jose Maria Sauca institutuko zientzia zuzendari berriak egin die ongietorria ikasleei eta bertan izan dira baita ere, Joxerramon Bengoetxea masterreko zuzendari ohi eta EHUko errektoregaia, Iker Nabaskues masterreko egungo zuzendaria eta Aitor Jiménez Lege soziologia Institutuko irakasle-ikertzailea eta masterreko irakaslea. Ongietorri-kafearen ondoren lehen kurtsoa emateari ekin dio Joxerramon Bengoetxeak, Kultura juridikoak: ikuspegi konparatiboa da aste honetan jorratuko den gaia.
Master ikasturtean 15 gai ezberdin landuko dira, gehienak bi aste iraungo duten kurtso edo mintegitan. Horiek irakastera nazioarteko irakasleak etortzen dira Sancti Spiritus unibertsitatera. Izan ere, Oñatiko Nazioarteko Lege Soziologia Institutuak eskaintzen duen masterra Euskal Herriko Unibertsitateak eta Milango Unibertsitateak babesten dute.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!