32.400 euro banatuko dira herriko ikastetxe eta guraso elkarteen artean, 2022-2023 ikasturteko likidazio kontzeptuan
Abenduaren 21ean egin zen 2023ko azken tokiko gobernu batzarra eta herriko ikastetxeei eta bertan diharduten guraso elkarteei dagokien 2022-2023 ikasturteko dirulaguntzen likidazioa onartu zen.
Udal dirulaguntza eskatzen duten ikastetxe eta guraso elkarteek irailaren 30era arteko epea izan ohi dute onartutako aurrekontuaren zuriketa aurkezteko, eta horren arabera ordaintzen da dirulaguntzaren bigarren zatia. 18 urtera arteko ikasleak hartzen dituzten herriko bost eskolek eskuratu zuten udal dirulaguntza iaz: Txiki-Txoko haurreskolak, Oñati institutuak, Urgain herri eskolak, Elkar Hezi ikastetxeak eta Txantxiku ikastolak. Likidazio kontzeptuan 31.227 euro banatuko zaizkie. Guztira, udaberrian egin zen lehen ordainketa gogoan hartuta, 83.524 euro bideratu dira herriko ikastetxeetara. Eskola publikoan diharduen GURELOHE guraso elkarteak, institutuko OÑHIGEk eta Elkar Heziko EREITTENek ere eskuratu zuten udalaren dirulaguntza. Aurkeztutako kontu zuriketaren arabera, 1.178 euro jasoko dute bigarren zatiaren ordainketan.
2023ko deialdia likidatuta, 2024ko deialdiari azken ukituak ematen ari da Udaleko Hezkuntza departamentua eta datozen asteetan onartu eta kaleratzea espero da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!