31.000 euroko ekarpena egingo dio Udalak Deba Garaia elkarteari 2024an
Debagoieneko Landa Garapenerako elkarteak urriaren 17an egin zuen batzarrean 2024ko aurrekontua onartu zuen: 204.476 euro. Ortulaguntza zerbitzu berria nabarmentzen da aurtengo aurrekontuan, datozen hilabeteetan martxan jarriko baitu Deba Garaia elkarteak. 35.000 eurotan zehaztu da zerbitzuaren urteko kostua eta esperientziadun langile baten kontratazioa aurreikusten du. Langile honek eskualdeko baratzezaintza proiektuetan ortuko lanetan aritu beharko du, lan karga handiko sasoietan lana arintzeko edota egoera zaurgarrietan, gaixotasun edota amatasun bajetan, esaterako, ordezkapen zerbitzu moduko laguntza ematen. Bailarako nekazarien arteko saretzea bultzatu beharko du, erosketa kolektiboen koordinazioan, adibidez. Eta zerbitzuaren koordinazio eta dinamizazio lan taldean parte hartu beharko du.
2024ko egitasmo berezi hori udalen diru ekarpenez burutzea erabaki zen eta hala jaso da Deba Garaia elkarteak onartu dituen aurrekontuetan.
Eskualde mailako elkarteak urteko diru kontuei aurre egin ahal izateko erakunde ezberdinen ekarpena izaten du, bailarako udalak, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia, besteak beste. Udalek subentzio gisa egiten diote diru-ekarpena elkarteari. Aurten 144.500 euroko ekarpena egingo dute.
Deba Garaia Landa Garapena elkarteak, onartutako aurrekontuaren eta urtean egin beharreko ekarpenaren berri eman die eskualdeko udalei. Oñatik 31.033 euroko ekarpena egin beharko du, esan bezala. Diru kopuru hori lau zatitan ordainduko da, otsaila, apirila, uztaila eta urrian, hileko 15. eguna iristen denean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!