Oñatiko udala

308 langabe eta % 5,67ko tasarekin amaitu da 2024a Oñatin

2025/01/14
Card image cap
Langabezia tasaren bataz bestekoa % 6aren azpitik dago apirilaz geroztik eta 2018ko mailaren pare dago egun

  Gora behera txikiak izan dira Oñatiko langabezia datuetan azken hilabeteotan; 309 langabe zenbatu ziren irailean eta urrian 305 izatera pasa baziren ere, abendua, 308 langaberekin amaitu da. Aipagarria da, ordea, langabe dauden emakumeen portzentajea 4 puntu murriztu dela urteko azken hiruhilekoan. Eta abenduko langabezia datuetan ere horixe azpimarratu daiteke, orokorrean, pitin bat gehitu bada ere, emakume langabeen kopurua gutxitu egin da eta bereziki 25 eta 44 urte artekoen adin taldean.

  Urtebeteko tartea hartuta, berriz, 19 langabe gutxiagorekin eta % 5,67ko tasaz amaitu da 2024a Oñatin. Urteko hamabi hilabeteetatik zortzitan langabezia tasa % 6aren azpitik mantendu da eta bataz bestekoak 2018-2019ko mailetara garamatza. Gogoratu behar dugu ordea, 2018aren akaberan eta bereziki 2019an, pandemiak larriagotu zuen ekonomiaren moteltzea izan zela, egungo egoera bestelakoa da eta hazkunde ekonomikoa nahikoa egonkor mantentzen ari dela.

  Hego Euskal Herri mailan ere 2024a urte ona izan da, oro har. Guztira 16.151 lanpostu sortu dira eta langabeen kopurua egonkor mantendu da, 2023ko abenduan baino 32 gutxiago zenbatuz. Guztira, 137.735 langabe zeudela eta %9,77 langabezia tasarekin amaitu genuen urtea Hego Euskal Herrian. Baina 2024a zerbaitetan berezitu bada, afiliazio markak hainbatetan hausteagatik izan da. Hala, inoizko urte amaierarik onena izan da iazkoa eta abenduan Gizarte Segurantzan izena emanda zuten kasik milioi bat 335 mila lagunek, aurreko urte amaieran baino 16.000 lagun gehiagok.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!