30.000 argazki inguru jarri dituzte herritarren eskura udal artxiboan
Udal Artxiboak Oñatiko argazki zaharren bilduma ezberdinak gorde eta kudeatzen ditu; hala nola, XX. mende hasierako irudi bilduma (Lizaur arkitektoa, Antia jauregia eta Socorroko markesaren fonodetakoak), edo ‘Oñatiko Historia eta Arte Bilduma’ libururako ateratakoak, edo Jesus Mari Arzuaga eta Andrés Arlanzón zenak Udalaren esku utzitako argazki funtsak, besteak beste. Danera, ia 30.000 argazkiz osatutako argazki ondare interesgarria, gure herriko gizaldi oso bateko historia, artea eta, bereziki, gizarte bizitzaren erakusgarri.
Euskarri ezberdinetan (kristalezko plakak, negatiboak, papera...) zeuden argazki horiek guztiak digitalizatuz joan dira artxiboko arduradunak, eta digitalizatu ahala, herritarren eskura ere jarri izan dituzte Interneteko webgune ezberdinetan, hala nola, Eusko Ikaskuntzaren www.euskomedia.org atarian eta Foru Aldundiaren www.guregipuzkoa.net-en. Baina, jakina, argazkiak atari ezberdinetan egoteak nahasmena eragiten zuen erabiltzaileen artean; beraz, orain gune bateratua egokitu dute udaletxeko goiko solairuan, artxibategiaren ondoan dagoen ordenagailuan.
Horretarako, udal artxibozainak datu-base bateratua prestatu du, Euskomedia Fundazioaren laguntzarekin, software llibrean oinarritutako Coppermine Photo Gallery programarekin egindakoa, argazkiak modu errazean kontsultatu ahal izateko.
Lau multzo handitan antolatuta daude argazkiak: ‘Arzuagaren funtsa’ (15.000 erregistro inguru), ‘Arlanzonen funtsa’ (10.000 inguru), ‘Oñatiko Historia eta Arte Biluma’ (472 argazki), eta ‘XX mende hasierako argazki zaharrak’ (551 argazki). Dena den, bilaketa aurreratuak egiteko aukera ere badago hitz gakoak (egilea, gaia, urtea...) adierazita.
Argazki gehienek deskribapen testu bat daukate, baina, kasu askotan, azaleko deskribapenak dira; beraz, argazkiak kontsultatzera doazen herritarrek informazioa osatzeko aukera izango dute, erregistratutako erabiltzaile gisa izena ematen badute.
Udalak Gipuzkoako Aldundiaren ‘IKT-Udalak’ programako dirulaguntza (4.646€) jaso du proiektu hau aurrera ateratzeko; kostu osoaren %60. Argazki gehiago digitalizatu ahala, datubasean sartuko dituzte, herritarren eskura jartzeko.
Edozein herritarrek kontsultatu ahal izango ditu argazkiak udaletxeko goiko solairuan dagoen ordenagailuan (goiko irudia). Astelehenetik ostiralera egin ahal izango dira kontsultak, udaletxea zabalik dagoen orduetan (09:00- 21.00). Ez da beharrezkoa aurrez txanda hartzea.
Argazkiak kontsultatu ez ezik, argazkien kopia digitalak egiteko aukera egongo da, artxibozainari eskatuta eta dagokion tasa ordainduta (0,51€ argazki bakoitzeko). Debekatuta dago argazki horiek helburu komertzialekin erabiltzea, edota hirugarren bati saltzea. Artxiboko argazki hauetakoren bat erabiltzen denean, autorearen izena eta jatorria (udal artxiboa) aipatu beharko dira, derrigorrez.
Iturria: Kontzejupetik aldizkaria
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!