Oñatiko udala

3.700 euro banatuko ditu Txanda elkarteak Gabonetako kanpainan

2022/12/07
Card image cap
Herriko dendetara sartu eta beldur gabe galdetzera animatzen dira oñatiarrak

  Gabonetako kanpaina gertu du Txanda dendarien elkarteak. Bezeroak xaxatu, eta goxatzeko, prezio zehatza asmatzeko erronka-lehiaketa egingo dute eta, aldi berean, hortxe daudela, herritarren esanetara, gogorarazi nahi diete oñatiarrei, apururik gabe sartu, galdetu eta nahi dutena ez badute topatzen, inongo konpromisorik gabe, irtetera animatuz.

  Merkatarien elkarteko denda guztien produktuz osatutako erakusleihoa muntatuko da Juanitosak Atzeko kalean zuen eskaparatean eta herritarrek erakusleihoaren balioa asmatzen saiatu beharko dute. Dendetan ordaintzerakoan emango den erosketa txartelaren atzealdean erakusleihoaren prezio zehatza jarri beharko da, izen-abizena eta telefonoarekin batera, abenduaren 12tik 23ra. Gehien gerturatzen den bezeroak, beti ere prezioa gainditu gabe, 500 euro eramango ditu, bigarrenak 300 euro eta hirugarrenak 200 euro. Bik zifra berdina jarriko balute, sari berdina emango zaie. Jasotako gainerako parte hartzaile guztien artean 100€-ko erosketa txartelak zozkatuko dituzte. Guztira, 3.700 euro banatuko dira saritan. Sarituekin telefonoz jarriko dira harremanetan eta sari banaketa abenduaren 30ean egingo da Foruen enparantzan.

  Plazako kioskoaren aurrealdean, hain zuzen, poltsa handi bat jarri du Txandak Gabonekin batera martxan duten gonbidapen kanpainaren lekuko. Ez dugu inor jaten lemapean herriko dendetara sartu eta galdetzera animatzen dira oñatiarrak, eta berdin, gustuko dutena topatzen ez badute lasai irtetera, inolako konpromisorik gabe.

  Herria bizirik mantentzeko dendak izatea garrantzitsua da baina dendei bezeroek eusten dietela ikusarazi nahi dute Txanda merkatariek. Laguntzeko gertu daudela, hurbilekoak direla eta konfiantza horretan konpromisorik gabe bertaratzeko gonbidapena egiten diete oñatiar guztiei.

Iturria:Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!