Oñatiko udala

25en bat emakumek izena eman dute Oñatiko emakume sortzaileen ekimenean parte hartzeko

2025/04/07
Card image cap
Ekimenaren aurkezpena, martxoan
Lan saioetarako oinarri izango den galdetegia aste honen amaieran bideratu asmo da

  Bigarren urtea du Oñatiko emakume sortzaileak egitasmoak eta urrats bat haratago emanez, sortzaile eta sortze-eremu gehiagotara zabaldu eta sortze-prozesuan sakonduko da, ekimenaren aurkezpenean sustatzaileek adierazi zutenez. Lehen lehenik parte hartzeko interesa izango luketen sortzaileak identifikatu nahi ziren eta formulario bat zabaldu zen izena emateko. 25en bat emakumek bete dute, ekintza ezberdinetan parte hartzeko prest daudela adieraziz. Orain, aste honen amaiera aldera, galdetegi bat helaraziko zaie, beraien sortze-prozesua laburrean deskribatu dezaten; lanaren inspirazio, abiapuntu edo ideia non aurkitzen duten; prozesuan zehar indartu beharreko urratsa identifikatu dezaten; zein erreferente dituzten eta lana saldu edo ikusarazteko zein bide jarraitzen dituen azaltzea eskatuko zaie. 

  Galdetegi horretan azaldutakoa oinarritzat hartuko da ondoren egingo den solasaldi-tailerrerako. Emakume sortzaileen arteko elkarrizketarako espazioa izango da eta lehen lan saiorako hitzordua ere aste honen amaierarako finkatu nahi du antolakuntzak: eguna, ordua eta lekua. Hurrengo pausoa ekainean gauzatuko den erakusketara begirako ikus-entzunezkoa izango da. Sortzaile bakoitzaren sortze-prozesua jasoko da eta erakusketan proiektatuko da. Bitartean, etorkizunerako elkarlan-saioa etorriko da, eta aurrez landutako guztiaren emaitza aurkeztuko da, ikus-entzunezkoa barne. 

  Oñatiko emakume sortzaileak ekimen honen helburu dira, Oñatiko emakume sortzaileen lana ezagutaraztea, emakumeak eurak elkarrekin harremanetan jarri eta beraien sortze-prozesuaz taldean hausnartzera gonbidatzea eta elkarren arteko sareak eratzeko oinarriak jartzea, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!