23,1 milioi euroko aurrekontua onartu da 2024rako, EH Bilduren aldeko botoz eta EAJren abstentzioarekin
Udal kontu hartzaileak eman ohi ditu aurrekontu proposamenaren lehen xehetasunak plenoan, eta adierazleen irakurketa eta balorazio teknikoa egiten du. Adierazleen irakurketa aurtengo aurrekontuaren datuekin alderatuta egiten du eta aipatu ohi dituen sei adierazleak 2024an okertu egingo direla esan zuen, baina bereziki aipatu zuen aurrezki arrunt garbia, positiboa dela adieraziz eta hori garrantzitsua dela azpimarratuz.
Guztira, 23.119.920 euroko aurrekontua izango du udalak 2024 urteko egitasmoak gauzatzeko, aurten baino %10 gehiago. Diru sarrerei dagokienez, azpimarratzekoa da udalak 2,1 milioi euroko dirulaguntzak lortu izana Europar Batasuneko Next Generation funtsetik, hurrengo bi urteetan zehar garatuko diren 9 proiekturi lotuta. Bestalde, ondasun eta zerbitzu gastuek eta transferentzia arruntek KPIaren pareko igoera izango dute. Proposatutako aurrekontuak 1,5 milioi euroko aurrezki arrunta aurreikusten du eta 4,3 milioi euro bideratuko dira inbertsioetara, aurten baino %47 gehiago, Next dirulaguntzei esker.
Inbertsioetan, esanguratsuak dira Europar Batasuneko Next Generation funtsetik eta hurrengo bi urteetan garatuko diren 9 proiektuak baina beste inbertsio batzuk ere egingo dira. 2024rako partida nagusienak, esaterako, Emakumeen Etxea (600m€), Torreauzo-Zañartu bidegorria (569m€); udaletxeko plaza inguruko esku-artze integrala (300m€); irisgarritasun lanak (300m€); kiroldegiko kantxa urdineko teilatua (278m€); disuasio aparkalekua (200m€).
2024ko aurrekontuetan zehaztu diren diru partidei esker martxan diren hainbat proiekturi jarraipena emango zaie eta berriak abiatuko dira: berdintasun plana gauzatzen jarraituko da; aholkularitza juridikoa abiaraziko da; Oñatiko harrera plan integralaren lanketa egin eta Eltzia egitasmoari sostengu ematen jarraituko da; Ingo Xonau proiektuarekin ere bai eta gaztetxoen euskararen erabilera hobetzeko ekimenak antolatu edota euskaltegia eta Txipistin gunea berrantolatzeko proiektuak burutuko dira. Indarkeria eta maskulinitatea kirol programa gauzatzea; enpresa berriak sustatzeko eta langabetuak kontratatzeko diru partidak handitzea; etxez etxeko zerbitzuari dagokion partida handitzea eta emakumeen arreta psikologikorako, zaintza eredu berriak lantzeko eta Afagi elkarteari laguntza emateko partida berriak sortzea; ikastetxeekin elkarlaneko proiektuak lantzen jarraitzeko diru partida handitzea, Auzoko eta Txipistin zerbitzuak indartzea inklusioa ardatz hartuta eta Urgain eskolako jolas eremua egokitzeko bigarren faseko lanak egitea; energia jasangarritasunerako inbertsioak egiten jarraitu eta auzo konpost sistema indartzea; zarata mapa egin eta termiten prebentziorako azterketa burutzea; behar berezidun haurrei zuzendutako zerbitzua sortzea eta musika eskolaren etorkizunari begira lanean jarraitzeko ezohiko partida jartzea, egungoaren mantenurako partidarekin batera jaso dira, besteak beste, 2024ko aurrekontuetan.
Xabier Igartuak eman zituen departamentuz departamentuko xehetasunak eta amaieran, aurkeztutakoarekin gobernu taldea pozik zegoela esan zuen, aurrekontu orekatua zelako, eta zerbitzu publikoak indartu eta zaurgarrienen alde egiteko, eta adierazitako proiektu berriak abiarazteko baliagarria izango zelako.
Amaia Erostarbek eta Xabier Mugarzak berba egin zuten EAJren izenean. Erostarbek, jeltzaleen 8 proposamenak errepasatu eta argumentatu ondoren, kezka azaldu zuen, aurkeztutakoari pegak besterik ez zielako jarri gobernu taldeak eta malgutasun eza leporatu zien. Xabier Mugarzak, berriz, aurrekontuetako partiden zehaztasun falta aipatu zuen eta eraginkortasuna zehaztasunetik datorrela esan zuen. Aurtengo aurrekontuetan jasotako inbertsioen exekuzio mailan jarri zuen azpimarra, hurrengo urteko aurrekontuetan txertaketak egin beharko direla adieraziz eta dinamika hori ez dela egokia esan zuen. Urteko prebisioak urtean betetzeko ahalegina egin beharko litzatekeela gaineratu zuen.
2023a hauteskunde eta gobernu aldaketa urtea izan dela erantzun zion Xabier Igartuak eta halakoetan zaila izaten dela aurrekontuak guztiz exekutatzea. Hala ere, aurtengo exekuzio maila altua dela esan zuen.
Amaitzeko, bozketa egin zen; jeltzaleen 8 emendakinak banaka bozkatu ziren lehenik, eta bakarra onartu zen, ondoren, aurrekontu proposamena orokorrean bozkatu eta onartu zen, EH Bilduren aldeko botoz eta EAJren abstentzioaz. Orain, Toki Erakundeen aurrekontuei buruzko Foru Arauak ezartzen duena betez, aurrekontuen dokumentua ikusgai egongo da 15 laneguneko epean udaletxeko Kontu-hartzailetza departamentuan, berau aztertu eta bidezkoak gerta litezkeen erreklamazioak aurkeztu ahal izateko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!