23,1 milioi euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du gobernu taldeak 2024rako
23.119.920 euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du udal gobernuak datorren urterako, aurtengoa baino %10 handiagoa. Diru sarrerei dagokienez, azpimarratzekoa da Next Generation dirulaguntzak eta Foru Funtsaren igoera. 2024ko aurrekontu proposamenean, udal enpresen dibidendoen %37ko jaitsiera jaso da, energiaren salmenta prezioek ezohiko jaitsiera izan dutelako. KPIren igoeraren bueltan leudeke berriz, ondasun eta zerbitzu gastuak nahiz transferentzia arruntak. Eta inbertsioen partidan %47ko igoera aurreikusi da, bereziki Next Generation ataletik lortu diren 2 milioi euro pasako laguntzei esker. Inbertsioetarako 4,3 milioi euro baino gehiago bideratzea proposatzen du gobernu taldeak. Guzti horrek 1,5 milioi euroko aurrezki arrunt positiboa eragingo du eta udalaren egonkortasun ekonomikoa bermatzen dela azpimarratu dute udal gobernuko ordezkariek, 2024ko aurrekontu proposamenaren aurkezpenean.
Next Generation funtsetik jasoko den dirua 9 proiektuetara bideratuko da: Emakume etxea eratzeko bigarren faseko lanak, udaletxe-plaza inguruko eskuhartze integrala, Usakoko aisialdi eremuko paisaia lehengoratzea, Torreauzotik Zañartura bidegorria egokitzea, Arantzazu eta Araotzeko aparkalekuak monitorizatzea, herrigunetik hurbil disuasio aparkalekua eratzea eta turismoarekin lotutako komunikazio digitala sustatu eta produktu eta euskarri turistikoak eguneratzea.
2024ko aurrekontu proposamenean beste inbertsio eta proiektu berri batzuk txertatu dira: Berdintasun plana gauzatzen jarraituz, aholkularitza juridikoa abiaraztea; Oñatiko harrera plan integralaren lanketa egin eta Eltzia egitasmoari sostengu ematen jarraitzea; Ingo Xonau proiektuarekin jarraitu eta gaztetxoen euskararen erabilera hobetzeko ekimenak antolatzea edota euskaltegia eta Txipistin gunea berrantolatzeko proiektuak burutzea; kiroldegiko kantxa urdineko teilatua konpontzea eta indarkeria eta maskulinitatea kirol programa gauzatzea; enpresa berriak sustatzeko eta langabetuak kontratatzeko diru partidak handitzea; etxez etxeko zerbitzuari dagokion partida handitzea eta emakumeen arreta psikologikorako, zaintza eredu berriak lantzeko eta Afagi elkarteari laguntza emateko partida berriak sortzea; ikastetxeekin elkarlaneko proiektuak lantzen jarraitzeko diru partida handitzea, Auzoko eta Txipistin zerbitzuak indartzea inklusioa ardatz hartuta eta Urgain eskolako jolas eremua egokitzeko bigarren faseko lanak egitea; energia jasangarritasunerako inbertsioak egiten jarraitu eta auzo konpost sistema indartzea; zarata mapa egin eta termiten prebentziorako azterketa burutzea; behar berezidun haurrei zuzendutako zerbitzua sortzea eta musika eskolaren etorkizunari begira lanean jarraitzeko ezohiko partida jartzea, egungoaren mantenurako partidarekin batera.
Herritarren eta herriaren aldeko aurrekontu proiektua lehenetsi dutela argitu du alkateak aurrekontu proposamenaren aurkezpenean. Herritar ororen ongizatea, gizarte berdinzale batean oinarrituriko eredua bilatu dela zehaztu du, beti ere, udalaren eta herriaren egonkortasun ekonomikoa erdigunean izanda.
Gobernu taldeak oposizioaren esku utzi du aurrekontu proposamena, dokumentua aztertu eta beraien proposamenak aurkeztu ditzaten. Ustekaberik ez bada, abenduaren 14ko osoko bilkuran onartuko dira 2024ko udal aurrekontuak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!