22 milioi inguruko aurrekontua proposatu du EH Bilduk 2025erako
Udal gobernu taldeak datorren urteko aurrekontuen proiektua aurkeztu du, nahiz eta kontu hartzailetzaren berrespena falta duen. Kopuru orokorretara joaz, 22 milioi inguruko aurrekontua proposatzen du gobernu taldeak, hau da, aurtengoa baino % 4,5 murritzagoa. Baina 2024an Next Generation laguntzei lotutako 2,16 milioi euroko ezohiko partida izan da eta hori kontuan hartu gabe, datorren urteko aurrekontuak aurtengoarekiko %5 inguruko igoera lukeela argitu dute.
Inbertsioetako 2,5 milioi euro inguru aurreikusten dira eta, zentzu horretan, inor bazterrean utziko ez duen proposamena landu dutela zehaztu dute. Era berean, aurrekontu proiektuak ia 2 milioi euroko aurrezki arrunt positiboa izango lukeela azpimarratu dute, udalaren egonkortasun ekonomikoa bermatuz.
Proiektu konkretuak aipatzen hasita, eta gizarte zerbitzuan atalean, etxez etxeko laguntza zerbitzuari lotutako partida %11 jasotzea proposatzen da, 1,3 milioi eurokoa bihurtuz, eguneko arreta zentroa indartzea eta zaintza eredu berrien inguruko lanketa egiten hasteko 20.000 euroko partida sortuko litzateke. Berdintasunaren alorrean, genero-ikuspegia udaleko sail ezberdinetara zabaltzeko urratsak ematen jarraituko da eta 100.000 euro bideratuko dira, Jabetze Eskola, hezkidetza programak edota aholkularitza juridikoa sendotzeko. Emakumeen etxearen garrantzia estrategikoa azpimarratuz, 15.000 euroko partida sortzea proposatzen da, etxea antolatzeko parte hartze prozesuarekin jarraitzeko eta 20.000 euro, Berdintasun Kontseilurako.
Energia berriztagarrietan sakontzeko konpromisoa berretsiz, energia efizientziaren bidean inbertsio esanguratsuak agintzen. Energia jasangarritasunerako 50.000 euro inguruko inbertsioak aurreikusten dira eta horiei batu behar zaizkie dagoeneko martxan diren lanak, hau da, kale argiteria berritzeko 400.000 euro edo Zubikoa kiroldegiko argiteria berritzeko lanak. Kiroldegiarekin jarraituz, gimnasioko makinak berritzeko 20.000 euroko partida ere jaso da udal gobernuaren aurrekontu proposamenean.
Irisgarritasuna eta landa garapena arloan, landa auzoen dirulaguntza eta inbertsioetarako 300.000 euro pasako partida aurreikusten da; 50.000 euro landa-lur partzelen digitalizazioarekin jarraitzeko eta beste 50.000 euro landa auzoen irisgarritasuna hobetzeko. Herriguneko irisgarritasuna hobetzeko lanetarako aurten baino 100.000 euro gehiago jartzea proposatzen du gobernu taldeak, 400.000 euroko partida bihurtuz. Asfaltatze lanetarako 40.000 euro gordeko lirateke.
Era berean, tokiko elikadura jasangarriaren eta elikadura burujabetzaren aldeko urratsekin jarraituz, 25.000 euroko partida proposatzen da abiatutako prozesua sendotzeko; Elikadura Mahaia sortzea aurreikusten da, herri mailan ez ezik, Debagoiena mailako elkarlaneko proiektuetan jarduteko.
Euskararen alorrean Euskaltegiak eta Txipistin jatorri anitzeko 6 eta 16 urte bitarteko herritarren programak darabilten egoitza eraberritzeko 400.000 euro gordeko lirateke. Kulturan, bestalde, 100.000 euroko partida izango litzateke jai batzordeen laguntzetarako; eta, kultura eta haur eta gazteria departamentuen artean, 110.000 eurokoa, herriko kultur eragile eta sortzaileen proiektuak laguntzeko. Gainera, 110.000 euroko partida bereziko litzateke herriko jai egunetatik kanpoko kultur programaziorako.
Hezkuntzari dagokionez, Oñati herri hezitzaile gisa indartzeko lanean jarraitu nahi da eta ikastetxe eta hezkuntza komunitateko eragileen arteko elkarlanerako proiektuak lantzeko partida handituko da 55.000 euro gordez. Hezkuntza eraikinetan, ohiko mantenu, funtzionamendu eta garbiketa gastuez gain, ia beste 200.000 euro bideratuko dira ezohiko inbertsioetara.
Garapen sozioekonomiko arloan, tokikoaren aldeko konpromisoari helduz, 30.000 euroko partida izango da merkataritza sustatzen jarraitzeko. Ekintzaile eta enpresa berriak babesteko laguntzak ere mantentzea proposatzen da.
Beste partida esanguratsuak dira: lur patrimonialen erosketarako 40.000 euro, Natur Eskolaren zerbitzua indartzeko egungo partida 170.000 eurora jasotzea eta Olakuako putzua birgaitzeko 75.000 euroko partida berria sortzea. Herriko plaza eta inguruko espazioa egokitzeko 420.000 euro bideratzea eta Parke Gorria 8-14 urte bitartekoetzako egokitzeko proiektua gauzatzeko, 200.000 euro.
Inbertsioen atalean Sancti Spiritus unibertsitatean egingo diren lanak ere aipatu ditu gobernu taldeak, turismo bulegoa eta ikasketa gelak sortzeko asmoa gogora ekarrita, baina zehaztuz, lan horiek ez dutela partida zehatzik izango 2025eko aurrekontuetan, Foru Aldundiarekin elkarlanean egingo direlako eta Europako Next Generation dirulaguntzetatik finantzatuta. 2025ean hainbat azterlan abiatzea ere aurreikusten du gobernu taldeak, egungo erronkei lotuta: harrera plan integrala eta etxebizitza plana, esaterako.
Aipatutakoak, udal gobernuak 2025erako landu duen aurrekontu proposamenaren kopuru nagusi eta esanguratsuenak dira. Gaur arratsaldean, Euzko Alderdi Jeltzaleak hobekuntza proposamenak ezagutaraziko ditu. 2025eko udal aurrekontuak ez dira ostegunean egingo den abenduko Osoko Bilkuran eztabaidatuko, landutakoa kontu hartzailetzan berrestea falta baita. Tramite hori urtarrilean bete eta urteko lehen Osoko Bilkuran eztabaidatu ahal izatea da asmoa.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!