Oñatiko udala

22 indarkeria matxista kasu artatu ziren iaz Oñatin, 2022an baino bi kasu gehiago

2024/03/04
Card image cap
Oñatiko indarkeria matxistaren arretarako instituzio arteko koordinazio mahaiak emandako datua da

  Otsailaren 7an bildu zen Oñatiko indarkeria matxistaren arretarako instituzio arteko koordinazio protokoloaren mahaia, eta bertan aurkeztu ziren 2023ko datuak. Udaleko Berdintasun, Gizarte Zerbitzu eta Udaltzaingoak jasotako datuak Ertzaintzak eta osasun zentroak jasotakoekin osatu dira. Datuak aztertu, egoeraren gaineko irakurketa partekatu eta aurrera begirako erronka eta urratsak finkatu ditu mahaiak.

  2023an 22 indarkeria matxista kasu artatu ziren Oñatin, aurreko urtean baino bi gehiago, baina aurreko urteekin alderatuz, nabarmen gehiago. Askotariko emakumeak dira laguntza eske gerturatu direnak, bai adin baita bestelako faktore sozio-ekonomikoei dagokienean ere. Emakume gehienak 25-45 urte artekoak dira, eta indarkeria psikologikoa da gehien identifikatzen duten indarkeria mota; ondoren indarkeria fisikoa, ekonomikoa eta sexuala salatu dira gurean. Emakume horietako askok seme-alabak ere badituzte eta horiek ere indarkeriaren biktima izaten dira maiz. Kasu honetan indarkeria psikologikoa da gehien identifikatzen dena eta, kasu batzuetan, indarkeria fisikoa ere bai.

  Erasotzaileei dagokienean, erdiak baino gehiagok 40 urte baino gutxiago dituzte, eta ia kasu guztietan bikotekidea edo bikotekide ohia da. Kasu gehienetan erasotzaileak biktimarekin bizitzen jarraitzen du.

  2023an erakundeen artean izandako koordinazioa egoki baloratzen da; deribazioak era egokian egin dira, eta elkarren arteko komunikazio sareak indartsuak dira. Aurrera begirako erronken artean profesionalen gaikuntza eta zerbitzu nahiz instituzio ezberdinetan garatzen diren prozesuen gaineko jakintza partekatzearen garrantzia aipatu zen. Horren bidez, arreta hobetu eta bide-laguntza egokiago bat eskaintzea litzateke helburua.

 Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arreta hobetzeko koordinazio protokoloa 2022ko urtarrilean sinatu zuten Udalak, Osakidetzak eta Ertzaintzak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!