22.083.888 euro 2025eko udal aurrekontua
Udal kontu hartzaileak eman ohi ditu aurrekontu proposamenaren lehen xehetasunak plenoan, eta adierazleen irakurketa eta balorazio teknikoa egiten du. Adierazleen irakurketa aurreko urteko aurrekontuaren datuekin alderatuta egiten du eta aipatu ohi dituen sei adierazleetatik lau positiboak direla eta bi okertu direla aipatu zuen, osatutako txostenaren laburpenean. Autofinantzaketa eta sarrerak gastuekiko igo egingo direla aipatu zuen, amortizazio eta interesen baturak iazko datuak hobetzen dituela eta finantza zamaren bilakaera ere hobetu dela, zorpetze maila %4,91ra murriztuta. Dena den, udalaren zor bizi erlatiboa Gipuzkoako eta antzerako tamaina duten beste herriekiko bataz bestekoaren oso gainetik dagoela esan zuen eta aurreikusitako zor berriak amortizazioak baino zenbateko handiagoa duela ere aipatu zuen. Baina autofinantzaketa edo aurrezki arrunt garbia positiboa izatea azpimarratu zuen.
2025eko udal aurrekontuaren ezaugarri nagusiak Izaro Elorza alkateak laburbildu zituen. Guztira, 22.083.888 euroko aurrekontua izango du Udalak aurten, aurreko urteko Next dirulaguntzen partida berezia kontutan hartu gabe, %5,4 handiagoa; sarreretan, hiri hondakin solidoak biltzegatiko tasaren igoera aipatu behar da, lege agindua beteaz aplikatu dena. Eta Foru Funtsaren igoera ere %2,4koa izan dela kontutan hartu behar da. Gainera, kiroldegiko kantxa urdinean egin diren hobekuntzen ondorioz 230 mila euroko laguntzak jaso dira. Inbertsioetarako 2,5 milioi inguru izango dira eta 1,8 milioi euroko aurrezki arrunt positiboa izango da, udalaren egonkortasun ekonomikoa bermatuz.
Ondoren, Ogasun batzordeburu Xabier Igartuak hartu zuen hitza eta aurrekontuetan jasotako hainbat partida eta proiektu aipatu zituen. Zaintzaren alorrean aurrerapausoak ematen jarraituko da, martxan diren zerbitzuak indartu eta urrats berriak diseinatuz. Etxez etxeko laguntza zerbitzuari dagokion partida %13 jasoko da, eta zaintza eredu berrien inguruko lanketa hasiko dute. Berdintasun arloaren transbertsalitatea aipatu zuen eta genero-ikuspegia sail ezberdinetara zabaltzen jarraituko dela esan zuen. Jabetze eskola, hezkidetza programa, aholkularitza juridikoa eta beste egitasmo batzuk gogora ekarri zituen baina Emakumeen Etxea azpimarratu zuen eta hau antolatzeko parte hartze prozesua abiatuko dela aurrratu zuen. Energia berriztagarrietan sakontzeko konpromisoa berretsi zuen eta energia efizientziaren bidean inbertsio esanguratsuak aurreikusten direla esan zuen. Aldi berean, energia sorkuntzarako proiektu lokalekin jarraituko dela gaineratu zuen. Landa garapena arloan, auzoen dirulaguntza eta inbertsiotarako 300.000 euro pasako partida dagoela adierazi zuen eta beste 50.000 euro landa-lur partzelen digitalizazioarekin jarraitzeko. Herriguneko irisgarritasuna hobetzeko 460.000 euro izango direla aipatu zuen, iazko partida nabarmen handituta eta tokiko elikadurea jasangarri eta burujabearen alde, Elikadura mahaia egonkortzeko 25.000 euroko partida sortu dela esan zuen.
Euskara arloan bereziki aipagarria da Euskaltegia, Txipistin zerbitzuko erabiltzaileen lokala eta Euskaldun berria gela berritzera bideratuko diren 400.000 euroak. Kulturan, herriko kultur eragile eta sortzaileen proiektuak laguntze jarraituko da, eta berdin auzoetako eta eskala zabalagoko jai batzordeak. Gainera, 110.000 euroko partida izango da herriko jai egunetatik kanpoko kultur programaziorako. Hezkuntzan, Oñatik herri hezitzaile izaten jarrai dezan ahaleginak indartuko dira eta ikastetxe eta hezkuntza komunitateko eragileekin elkarlanean jarraituko da. Herriko enpresa, ekintzaile eta komertzioak babesten ere jarraituko da eta tokikoaren aldeko konpromisoan, 30.000 euroko dirulaguntza izango da merkataritza sustatzen jarraitzeko. Basogintzaren alorrean, bestalde, herri lurren kudeaketa iraunkorraren aldeko urratsak ematen jarraituko da eta 40.000 euroko partida mantenduko da lur patrimonialen erosketarako. Gainera, Natur Eskolaren zerbitzua indartuko da, horretarako partida jasotzeko ahalegin berezia eginez. 2025eko proiektuen errepasoan, harrera plan integrala edo etxebizitza plan integrala ere aipatu zituen Xabier Igartuak. Amaitzeko, aurkeztutakoarekin gobernu taldea pozik dagoela esan zuen eta aurrekontu landuak izan direla azpimarratuz. Oposizioak ezer kendu gabe 6 emendakin aurkeztu zituela gogoratu zuen eta horietako bat onartu eta txertatu dela ere azaldu zuen.
Ondoren, EAJren ordezkariek berba egin zuten, Amaia Erostarbek eta Xabier Mugarzak. Erostarbek, jeltzaleen 6 proposamenak errepasatu ondoren esan zuen gobernu taldearen aurrekontu proposamena zehaztasun eta planifikaziorik gabekoa dela eta horrek herritarrekiko konpromiso txikia adierazten duela. Planifikazio eta kudeaketa eskaxa leporatu zion gobernu taldeari eta horretan argudiatu zuen aurrekontuaren kontrako botoa.
Xabier Mugarzak berriz, aurrekontuetako partiden zehaztasun falta aipatu zuen eta irisgarritasun lanak, hezkuntza eraikinetako inbertsioak edota inbertsioak auzotan partidak orokorregiak direla esan zuen. Gainera, proiektu askotan exekuzio txikia izan dela esan zuen eta urtarrilaren 28ko datuak eskutan, Next Generation dirulaguntza duten proiektuek edo Aurrekontu parte-hartzaileak egitasmoaren baitan onartutakoek exekuzio maila oso baxua izan dutela adierazi zuen.
Horrek eztabaida sortu zuen udalbatza osatzen duten bi taldeen artean. Next Generation funtsetatik finantzatutako egitasmoek bide oso zurruna eta zorrotza bete behar dutela azaldu zen eta prozesu horrek berak lanak luzatzea eragiten dutela adierazi zen baina proiektuak, era berean, amaiera-epe jakin batean egin behar direla eta hala egiteko planifikatuta daudela argitu zen. Halakoei lehentasuna ematearren beste proiektu batzuk atzeratu egin direla onartu zuen Xabier Igartuak, eta horren adibide Aurrekontu parte-hartzaileen baitan onartutako batzuk, baina esleitzeko prozesuan daudela esan zuen.
Amaieran, bozketa egin zen; jeltzaleen 6 emendakinak banaka bozkatu ziren eta bakarra onartu zen, eta, ordoren, aurrekontu proposamena orokorki bozkatu eta onartu zen, EH Bilduren aldeko eta EAJren kontrako botoz.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!