Oñatiko udala

20tik gora eragilek eta ehundik gora herritarrek bat egin dute Palestinarekiko elkartasun manifestazioarekin

2023/10/30
Card image cap
Biharkoa, dinamika zabalago baten hasiera dela jakinarazi dute antolatzaileek

  Oñati-Palestina elkartasuna taldeak antolatuta manifestazioa egingo da bihar arratsaldean, plazatik abiatuta, Genozidioa gelditu. Palestina askatu lelopean. Manifestazioaren harira, atxikipenak biltzeko kanpaina egin dute antolatzaileek, ostiralean aurreratu genuenez, eta herriko 20 eragilek baino gehiagok eta 100dik gora norbanakok bat egin dutela jakinarazi dute.

  ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek, EHBildu eta Sortu alderdi politikoek, STH mugimendu ekologistak, Sare Feministak, Bargastak, Ernai eta Antixeneko Asanblada gazte eragileek, Pentsionisten Duintasuna elkarteak, Gure Bazterrak elkarteak, Hotz Oñati, Sare, Askapena, IKAMA ikasle mugimenduak, Txinparta bertso eskolak. Hala nola, hainbat auzoko jaietako batzordek, herriko musika taldek eta beteranoen futbol taldek ere bat egin dute biharko mobilizazioarekin. Eragilez gain ehundik gora herritarrek egin dute bat mobilizazioarekin, horien artean, Mikel Biain alkate ohiak, Malen Osa eta Asier Alonso mendi lasterkariek, Felipe Uriarte mendizaleak edota Markel Irizar txirrindulari ohi eta zuzendariak, besteak beste.

  Hiru dira biharko manifestazioan eta sare sozialen bidez zabaldu den adierazpenean egiten diren aldarrikapenak: estatu palestinarraren aitortza eta okupazioaren eta erasoen amaiera.

  Biharko mobilizazioa herrian burutuko den dinamika baten hasiera dela jakinarazi du Oñati-Palestina elkartasun taldeak eta datorren astearterako hitzaldia iragarri dute. Gabirel Ezkurdia GeopolitikaZ-eko analista eta EHUko nazioarteko ikerlaria gonbidatu dute Palestinan gertatzen ari dena azaltzera. Palestinar herriaren iragana, oraina eta etorkizuna izeneko hitzaldia emango du Santa Ana aretoan. Datorren asteartean, azaroaren 7an izango da, 18:30etatik aurrera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!