Oñatiko udala

2025eko udal aurrekontuak onartzea proposatuko da arratsaldeko Osoko Bilkuran

2025/01/30
Card image cap
22 milioi inguruko aurrekontua proposatu du gobernu taldeak

  EH Bilduren gobernu taldeak 22 milioi euro pasako aurrekontua zehaztu du aurtengorako, abenduan jada jakinarazi zuenez. 2024ko aurrekontuarekiko % 4,5 murritzagoa da, baina kontu egin behar da, iaz Next Generation laguntzei lotutako 2,16 milioi euroko ezohiko partida izan zela. Hori alde batera utzita, 2025eko aurrekontuak %5 inguruko igoera izango luke, beti ere iazkoarekin alderatuta.

  Inbertsioetarako 2,5 milioi euro inguru aurreikusten dira eta, inor bazterrean utziko ez duen proposamena landu dutela zehaztu dute gobernu taldeko ordezkariek. Era berean, aurrekontu proiektuak ia 2 milioi euroko aurrezki arrunt positiboa izango lukeela azpimarratu dute, udalaren egonkortasun ekonomikoa bermatuz.  EAJren udal taldeak sei proposamen egin zituen, aurrekontua hobetzeko helburuz eta horietako bat onartu eta txertatu dutela jakinarazi zuen Izaro Elorzak Alkatearekin berbetan irratsaioan.

  Departamentuka, Euskara eta Kultura arloetako aurrekontua bereziki jasotzea proposatuko da arratsaldeko bileran; Euskaltegia berritzeko lanak eta Kultur etxeko erakusketa gelaren intsonorizaziorako partidak jaso dira. Olakuako putzuaren egokitze lanak, bide-garbitze tresneria eta brigradarako tresna/erremintak eskuratzea, etxebizitza tutelatuen egokitzapena, irisgarritasun lanak, argiteria publikoa, kasko historikoaren eraberritze plan berezia edota Olaburun, kiroldegian edo jubilatuen etxean ondare-inbertsioak egiteko partidak ere bereziki jaso dira 2025eko aurrekontu proposamenean. Xehetasunak gaurko Osoko Bilkuran emango dira.

  Gaurko bileran, beste gai batzuk ere azaldu eta onartzea eskatuko da: 2025eko plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda, San Martin egoitza partzelaren xehetasun azterketa behin betiko onartzea, Zubillaga hiltegiari urteko diru ekarpena egiteko proposamena eta Oñatiko Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Estrategikoa onartzea, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!