2025eko ordenantza fiskalak aztergai izango dira gaurko Osoko Bilkuran
Datorren urteko udal zerga eta tasak erabakiko dira arratsaldeko Osoko Bilkuran. Gobernu taldeak ez du jakinarazi bilerara eramango duen proposamena baina EAJren udal taldeak orain bi aste aurkeztu zuen berea: hondakin tasa soilik igotzea proposatu dute eta alokairua sustatzeko hobariak gehitzea. Urriaren 1eko Ogasun batzordean jakinarazi zioten proposamena gobernu taldeari eta negoziatzen ari zirela adierazi zuten jeltzaleek prentsa-agerraldian.
Hondakinen tasa %33,6 igo beharko dela adierazi dute EAJko ordezkariek, Europako araudira egokitu behar baita. Baina gainontzeko zerbak jaso gabe, bere horretan mantentzea proposatzen dute. Era berean, hutsik dauden etxebizitzei Ondasun Higiezinen Zergan aplikatzen zaien %100eko errekargoa kendu eta alokatzen diren etxebizitzei %50eko hobaria aplikatzea eskatzen dute. Alokairurako etxebizitzak egokitzeko helburua duten obretan %90eko hobaria aplikatzea ere proposatu dute. Hobarien atalean azkena, ibilgailu elektrikoentzako karga punturen bat duten garajeei dagokie, eta hauei ere, Ondasun Higiezinen Zergan%50eko hobaria aplikatzea eskatu dute jeltzaleek. Azkenik, eta iaz egin bezala, Kiroldegiko tarifa murriztuak jasotzeko adin muga handitzea proposatu dute, egungo 22 urtetik 25 urtera arte luzatuz.
Horiek jeltzaleek proposatutakoak, esan bezala. Gobernu taldeak osorik edo zati batean bere egin dituen edo guztiak baztertu dituen, arratsaldeko Osoko Bilkuran argituko da.
2025eko ordenantza fiskalak onartu ondorengo tramitatze epealdia egoki bete eta urtarrilaren 1erako indarrean sartu ahal izateko, astebetez aurreratu da urriko Osoko Bilkura. Urriaren 31n egin beharko litzateke baina gaur arratsaldean egingo da.
Udal tasa eta zergen aurretik, Ikastetxeklik proiektua 2024-2025 gauzatu dadin Gizabidea elkartearekin lankidetza hitzarmena sinatzeko proposamena aurkeztuko da eta Usako Muñoko lursaila erostea ere proposatuko da. Usako aisia eremuko paisaia leheneratzeko txostenean Usako-Muñoa lursaila aipatzen da, bainu gunera iristeko bide-sarea hobetzeko. Lursail hori eskuratuta egungo sarbidea hobetu daitekeela argudiatuta proposatuko da lursailaren erosketa.
Arratsaldeko 18:30etan hasiko da urriko Osoko Bilkura; lan zerrendan 11 gai jaso dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!