Oñatiko udala

2025eko larreratze kanpaina abiatu du Udalak

2024/11/22
Card image cap
Larreratuko diren animalien identifikazio, osasun neurri eta tasak zehaztuz ganaduzaleei gutuna bidali zaie

  Udaberrian gauzatuko den larreratze kanpaina berriari begira udalaren oharrak hainbat gai argitzen ditu: larreratze tasak eta ganadu jabeek eman beharreko datuak, hazteria eta tricomonas bovina deritzon gaitzei aurre egiteko neurriak, auzolana eta ingurumen laguntzak. Gutunarekin batera bete beharreko inprimakia ere bidali zaie, aurtengo kanpainan parte hartu duten 100 ganaduzaleei.

  Larreratze kanpainaren oharra Aloña, Araotz eta Artiako herri onurako mendietara ganadua eraman asmo dutenei zuzenduta dago eta Artia-Txirikilaleku-Aitzgain inguruan larreratzen dituztenei datuak helburu estatistikoz jasotzen direla gogorarazten zaie. Datorren urtean ganadua larreratzeko eskaerak abenduaren 20a baino lehen aurkeztu behar dira, aurrez aurre udaletxeko HAZ bulegoan edo telematikoki, www.onati.eus atariaren bitartez. Berrikuntza moduan, Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez ere aurkeztu daiteke eskaera, modu telematikoan. Bide honetatik, abenduaren 31ra arteko epea izango da eskaerak aurkezteko.

  Artalde eta zezenen osasunarekin erlazionatuta ez da larreratze baimenik emango baldin eta albaitarien ziurtagiririk aurkezten ez bada; artaldeari hazteria edo sarnaren kontrako tratamendua egin zaionaren egiaztagiria presentatu beharko da. Agiria albaitari batek sinatu behar du eta artaldea mendira bota baino aurreko hilabeteko epean egindakoa izan beharko da. Antzinatasun handiagoko ziurtagiririk ez da onartuko. Zezenen kasuan tricomonas bovina gaitzetik libre daudela adierazten duen agiria aurkeztu beharko da larreratu aurretik.

  Nekazaritza ingurumenaren dirulaguntzekiko azaldutako kexen haritik, baimendutako ganadua mendian dela ziurtatzeko ikuskaritzak egon eta iruzurrak zigortu daitezkeela ohartarazten da ganadu jabeei bidali zaien idatzian. Era berean, larreak egoera onean mantentzeko deitzen diren auzolanean parte hartzen dutenei aplikatzen zaie larreratze tasaren hobaria, 150 euroko mugarekin.

  Astean bidali dira 2025eko larreratze kanpainari dagozkion gutunak. Eskaerak egiteko azken eguna abenduaren 20a izango da eta epea beteta ez da eskaerarik tramitatuko, ondorioz, ez da larreratze baimenik emango.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!