2024ko urtekaria argitaratu du UEMAk
Etxeetara banatzen hasi diren Berripaperak 24 orrialde ditu eta 2024an UEMArentzat mugarriak izan diren ekimenak, kanpainak eta albisteak nabarmentzen dira: Udalerri Euskaldunen Eguna, Lesakan; UEMAn sartu berri diren sei herrien informazioa; diagnostiko berrirako datu soziolinguistikoak; UEMAko kide diren udalen adierazpen instituzionala; Hedatu hezkuntza-proiektua, hau da, arnasguneek eta udalerri euskaldunek giltzarriak direla nabarmentzea helburu duen egitasmoa; Euskarazko ikus-entzunezkoak zabaltzeko UEMAk eta EITBk sinatutako hitzarmena; hezkuntzan euskara eta kulturartekotasuna uztartzeko proiektua, gazteentzako Salto! udalekua edota Arnasetik sormen lehiaketa, besteak beste.
UEMAk urteko jardunaren laburpena biltzen duen Berripapera argitaratu ohi du eta mankomunitatea osatzen duten udalerrietan banatzen du. 2024koa, gaur bertan banatzen hasi dira herriko etxe guztietara.
Oñati 2012tik da Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izateko. Orduan Udalak finkatu ziren hiru helburu nagusiak indarrean diraute egun: euskara ohiturazko hizkuntza bihurtzea Oñatiko bizitza sozialaren alor guztietan; herritarrekin harreman zuzena duten esparruetan eragitea, hara nola, osasun arloan, epaitegietan edota enpresatan; eta gure eremu geografikoan eragitea, euskararen arnasguneak zabaldu daitezen. UEMA 1991an eratu zuten 19 udalerrik eta egun 111 osatzen dute. Baina handituz jarraitzen duen mankomunitatea da, larunbatean, beste bi batuko zaizkiolako: Arano eta Lekunberri, guztien artean 348.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!