Oñatiko udala

2024ko udal egutegia banatzen ari dira

2023/12/14
Card image cap
Ikastetxe, komertzio eta udal zerbitzuetara ez ezik, etxeetara ere zabaltzen ari dira

  Udal zerbitzuak nagusi dira 2024ko udal egutegian. Zatoz euskaraz da lema eta udal zerbitzuetan euskara erabiltzeko gonbidapena egiten da, orriz orri, zerbitzu ezberdinen argazkiak eta euskarari eta hizkuntza aniztasunari erreferentzia egiten dioten esaldiak uztartuz.

  Herriko etxe guztietara banatuko da udalak argitaratu duen 2024ko egutegia, aurreko hiru urteetan egin bezala. Baina bulego, denda, enpresa eta ikastetxeetara ere eramango da. Atzo hasi ziren postontzietan sartzen, UEMAren azken Berripaperarekin batera. Egutegiaren 5.000 ale inprimatu dira. Lanak, 4.800 euroko aurrekontua izan du.

  2024ko egutegiak orain lau urte berreskuratu zuen diseinua mantentzen du, 14 orri edo 28 orrialdeko kuadernoa osatuz. Egutegiaren diseinu eta maketazio lanak bigga.studiok egin ditu, herri mailan esanguratsuak diren jai eta ospakizun nahiz aldarrikapen egunak bereziki azpimarratuta agertzen dira eta urtaro aldaketa egunak ere seinalatu dira. Udal artxibotik hartu diren udal eraikin eta zerbitzuetakon argazkiz osatu da.

  Udaleko Euskara departamentua arduratzen da egutegiaren moldaketa eta argitalpenaz eta hautatzen den esaldia edo gaia euskararekin lotuta egoten da. Udal administraziora hurbiltzerakoan euskara erabiltzeko gonbidapena egiten da 2024ko egutegian Zatoz euskaraz lema hartuta. Lehen hitza, beti euskaraz; gehiago, gehiagorekin, gehiagotan; etxean eta kalean, berdin-berdin jolasean edota balioaniztasun handieneko guneek dute hizkuntza aniztasunik handiena moduko esaldiak irakurri daitezke, berriz, egutegiaren barrualdean.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!