Oñatiko udala

2024ko udal aurrekontuak eztabaidatu eta onartuko dira gaurko Osoko Bilkuran

2023/12/14
Card image cap
Gobernu taldeak 23,1 milioi euroko proposamena osatu zuen, EAJk 8 emendakin aurkeztu zituen

  23.119.920 euroko aurrekontu proposamena aurkeztu zuen udal gobernuak datorren urterako, aurtengoa baino %10 handiagoa. Azpimarratzekoa da Next Generation dirulaguntzak eta Foru Funtsaren igoera diru sarreren atalean. Inbertsioen partidan %47ko igoera aurreikusi da, hain zuzen ere, Next Generation funtsetatik lortu diren 2 milioi euro pasako laguntzei esker. Inbertsioetarako 4,3 milioi euro baino gehiago bideratzea proposatu zuen gobernu taldeak. Jeltzaleek, partida gehigarririk zabaldu gabe, aurreikusita dauden partidetatik bideratuko liratekeen 8 proposamen egin zituzten, emendakin moduan. Orotara, 250.000 euroko kostua izango lukete. Emendakin horiek onartu diren ala ez, Osoko Bilkuran ikusiko da, eta horren arabera, gobernu taldearen aurrekontuak oposizioaren babesa lortzen duen ala ez argituko da. Ekainean kargua hartu zuen udalbatza berriaren lehen aurrekontuak izango dira.

  2024ko udal aurrekontuen gaia da gaurko batzarreko gai nagusia, dudarik gabe, baina beste hainbat kontu aipagarri ere azaldu eta eztabaidatuko dira: osoko bilkurako ohiko bilkuren 2024ko egutegia; kreditu aldaketarako espediente bat; Araotzeko ostatu, taberna-denda, jatetxe eta apartamentu turistikoen kudeketa/ustiaketa zerbitzuaren emakida prozesua abiatzea eta 2024ko udal plantilla organikoa onartzea, besteak beste.

  18:30etan hasiko den urteko azken Osoko Bilkura zuzenean eskainiko du Oñati Irratiak (FM 107.4).

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!