Oñatiko udala

2024-2025 ikasturterako izen-ematea zabalik dago Udal Euskaltegian

2024/09/03
Card image cap
Eltziako eraikinean beteko da ikasturtea, Bidebarrieta kaleko egoitza berritzen duten bitartean

  Leku aldaketa da ikasturte berriak euskaltegira ekarriko duen nobedade nagusia. Udako oporrak probestu dira materiala Bidebarrietako egoitzatik Eltziara eramateko eta bulego eta ikasgelak bertan prestatzen ari dira. Bitartean, matrikula epea zabaldu da, Eltzian bertan.

  2024-2025 ikasturterako izen-ematea zabalik dago, irailaren 20ra arte. Euskara ikasten hasi edo hobetzeko aukera eskaintzen da. Ikasleen maila, erritmo eta ordutegietara egokitutako taldeak eratzen saiatuko dira euskaltegian, euskara ikasi nahi duen orok lekua izan dezan. Matrikula epea hilaren 20ra arte luzatuko da. Ondoren, taldeak osatzeko, eta lekua dagoen bitartean, izenak jasotzen jarraituko da baina beti ere, ia finkatu diren taldeetan sartuz. Horregatik, norberaren beharretara hobekien egokitzen den taldean jarduteko izena lehenbailehen ematea komeni da.

  Udal euskaltegian, euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak eskaintzen dira, A1, A2, B1,B2,C1 eta C2 mailak. Gainera, egiaztagiri ofizialak eskuratzeko azterketak ere egiten dira bertan. Oinarrizkoak diren A1, A2 eta B 1 mailetan ebaluaketa jarraia egiten da euskaltegian, goragoko mailetan, entzumen eta irakurmen azterketak euskaltegian egiten dira eta horiek gaindituta, idazmena eta ahozkoa HABEk izendatzen dituen egoitzetan, hiriburuetan, normalean. Ikastaro bereziak ere eskaintzen dira, zaintza lanetan eta taberna eta ostalaritzan dihardutenenentzat propio egokitutakoak.

  Iraupen luzeko langabetuek doan dituzte eskolak eta bai HABEk baita udalak ere beka sistema dute. Hala, asistentziaren arabera, gutxienez, eskolen % 90eko aprobetxamendua ziurtatzen dutenek matrikula kostuaren erdia jasotzen dute ikasturte amaieran. Aurten 23 ikasleren dirulaguntza eskaera onartu du Udalak, 4.400 euro itzuliz. Bigarren urtez ikasten jarraitzen dutenek ere, beste %25eko gain saria eskuratu ohi dute. Gainera, matrikulatzen diren guztien artean doako matrikula bat zozkatuko da.

  Baina euskaltegiak egiten duen eskaintza akademiko nahiz ekonomikoari buruzko informazio osatuagoa euskaltegian bertan eskuratu daiteke, astelehenetik ostiralera 9:00tatik 13:00tra eta 16:00tatik 18:30tara. Gogoratu, euskaltegia Eltziara aldatu dela eta informazioa bertan ematen ari direla: Musika Eltziatik sartu eta bigarren solairuan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!