Oñatiko udala

2023ko udal aurrekontuen alde bozkatuko duela aurreratu du EAJk, prentsa ohar bidez

2022/12/15
Card image cap
Arratsaldean egingo den Osoko Bilkuran aurkeztuko dira datorren urterako aurrekontuak

  Jeltzaleek urtetan egindako hainbat proposamen jasotzen dituzten aurrekontuak izaki, gobernu taldearekin bat egin eta 2023ko udal aurrekontuaren aldeko botoa emango dutela aurreratu du EAJren udal taldeak, prentsara zabaldu duen ohar bidez. Arratsaldean aurkeztuko den aurrekontu proposamenean jeltzaleek aurretik eskatutako puntu konkretuak jaso direla aipatzen da: 300.000€ irisgarritasun-lanetarako eta Arantzazu kaleko eremuko proiektua Berezao poligonora arte egiteko konpromisoa, landa-auzoetako argiteria hobetzeko plan orokor bat egitea, landa-lurzoruak digitalizatzeko partida, Klimaren eta Energia Iraunkorraren Ekintza Plana egitea, Torreauzoko bidegorria eraikitzea edota Oñatiko auzoetan inbertsioak egiteko kontu saila handitzea.

  Aldi berean, EH Bildurekin beste hiru proposamen sartzea adostu dutela diote jeltzaleek: tokiko merkataritzari balioa emateko urtean zehar herritarrak kontzientziatzeko kanpaina egitea, ekintza planean jarduera txikiak egitea eta herritarrei eta, bereziki, gazteei zuzendutako diru-lerro bat bideratzea, Musika Eskola eraikitzen den bitartean konponketak egiteko diru-partida bat sortzea eta gazteen artean genero-berdintasuna sustatzeko eta indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko mekanismo zehatzak abian jartzea. Oñatiren eta oñatiarren alde egindako oposizio lanari esker urteetan egindako proposamen horiek erantzuna jasoko dutela diote jeltzaleek prentsa oharrean.

  Legealdi honetan lehen aldiz bat egingo du EAJk udal gobernu taldearen aurrekontu proposamenarekin, 2022koan kontra bozkatu zuelako eta aurreko bi urteetan berriz, abstenitu.

  Jeltzaleen proposamenak txertatuta udal aurrekontuaren kopuru orokorrak zertan geratu diren arratsaldean jakingo dugu. Gogoratu, udal gobernuak azaroan aurreratu zuen proposamenak ia 21 milioi euroko aurrekontua osatzen zuela, aurtengoa baino % 11,3 handiagoa. Inbertsioetara berriz, 2,8 milioi euro bideratzea aurreikusten zen azaroko proposamenean. Baina behin betiko kopuruak arratsaldeko batzarrean jakinaraziko dira.

  Ez da hori izango ordea, abenduko Osoko Bilkuran aztertuko den gai bakarra, udal plantillan plaza berriak sortzea ere proposatuko da: brigadako peoi gidari plaza eta eraikinen mantenu teknikari plaza. 18:30etan hasiko da Osoko Bilkura eta Oñati Irratiak zuzenean eskainiko du FM.107,4n.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!