Oñatiko udala

2023-2024 ikasturterako matrikula ireki da gaur Txiki Txoko haurreskolan, maiatzaren16ra arte

2023/04/24
Card image cap
Astean arratsaldero ate irekiak egingo dira, 17:00etatik 18:00etara

  Txiki Txoko haurreskolan, Partzuergoko gainontzekoetan bezala, matrikula doan izango da datorren ikasturtetik aurrera baina gutxieneko asistentzia betetzea eskatuko zaie haur eta gurasoei. Doakotasunak izen-emateetan eragingo duela aurreikusten dute arduradunek, hau da, izen-emate gehiago jasotzea espero da eta lehentasun irizpide batzuk zehaztu dira eskaerak barematzeko. Anai-arrebak haurreskolan egotea, gurasoen lan egoera, familia unitatearen urteko errenta edota familia ugari izatea kontutan hartuko dira.

  Haurrak matrikulatzeko oinarrien inguruko informazioa jasotzeko edota instalazioak ikusteko, ate ireki jardunak egingo dituzte aste honetan arratsaldero Txiki Txokon, 17:00etatik 18:00etara. Joateko interesa dutenei aurrez izena ematea eskatzen zaie. Aldi berean, ordu tarte horretan joaterik ezin baina informazioa nahi duten gurasoek ere telefonoz deituta eskuratu dezakete. Hauxe da zenbakia: 943 716 405.

  Oraingo matrikula epea irailetik aurrera hasiko diren haurren izena emateko da, hau da, 2022an edo 2023 honetan jaiotako haurren izena emateko. Gurasoek goizeko edo egun osoko ordutegia aukeratu dezakete, 8:00etatik 14:00etara edo 8:00etatik 16:00etara. Txiki Txokok lau gela ditu eta 42 plaza guztira: 8na, 0-1 urte arteko geletan eta 13na, 1-2 urte artekoen geletan. Talde guztietan lekua dagoela adierazi digute haurreskolako ordezkariek.

  Haurren izen-ematea aurrez aurre egin liteke Txiki Txokon bertan edota telematikoki www.haurreskolak.eus atariaren bitartez, gaur hasi eta maiatzaren 16ra arte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!