2022a urte oparoa izan da Zubillaga-Oñati hiltegi eta Zatitze Zerbitzuarentzat
Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuak iazko balantzea kaleratu du, urte oparoa izan zela azpimarratuz. 2022a berregituratze urtea izan da Zubillagako hiltegian, pandemiaren aurreko erritmora itzuliz.
Iazko ekoizpena 1.708.114 kg/kanalekoa izan zen, 2021ekoa baino %4 handiagoa. 60 tona ekologikoan hazitako ganaduari dagokio, aurreko urtean baino %12 gehiago, eta % 26a, Euskal Okela zigilupean hazitakoa, 2021ean baino %3 gehiago. Jatorriari dagokionez, ekoizpenaren %26ak Gipuzkoan hazitakoa izan zen, % 48a Bizkaian eta % 16a Araban eta Nafarroan, erdi eta erdi. Bizkaitik ekarritako ganadu kopuruak atentzioa ematen du, Laudioko hiltegia itxita, bertara zuzentzen ziren baserritar eta harakinei zerbitzua eman ahal izateko esfortzu berezia egin baita Zubillagan, besteak beste, banaketa ibilbideak aldatuz. Baina sektorea bizitzen ari den estutasunen isla ere izan da Zubillagako hiltegia, 2021ean baino 34 ustiategi gutxiagori eman baitio zerbitzua, askok, errelebo faltagatik, bazkak izan duen garestitzeagatik eta beste hainbat faktorerengatik, ganadua gizentzeari utzi baitio. Azkenik, zatitze zerbitzua, 383 mila kg./kanal zatitu eta prestatu ziren iaz eta pandemiaren testuinguruan asko handitu zen salmenta zuzena, bere ohiko kopuruetara itzuli zen.
Hiltegira eramaten diren animalien ongizatea bermatzeko inbertsioa egin zen iaz instalazioetan eta kamerak jarri ziren eremu bakoitzean gertatzen dena monitorizatu eta animalia lasai eta eroso dagoela bermatzeko. Orain urte batzuk, zero sufrimenduko sakrifizio metodoa ezartzeko egin zen apustuan urrats berria eman dela adierazi dute hiltegiko arduradunek.
Barrura ez ezik, kanpora begira eta gizartean eragiteko konpromisoan ere urratsak eman zituen iaz Zubillagako hiltegiak, hainbat lankidetza bide jorratuz: Lanbiderekin batera animaliak hil, prestatu eta zatikatzeko 180 orduko ikastaroa eskaini zuen, sektorearen etorkizuna bermatuko duten profesional berriak formatuz. Euskal Herriko Unibertsitatearekin Arkume proiektuan parte hartu du eta ULMA Inoxtruck enpresarekin karga ezberdinen manipulazioa ahalbidetzen duten ekipoak integratu zituen. Egiten ari den lana aitortuz Spri taldearen Hazinnova errekonozimendua eskuratu zuen iaz Zubillaga Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!