Oñatiko udala

“Zortea Oñatiko dendetan dago!” kanpaina abiatu du Txanda elkarteak

2024/12/02
Card image cap
5.000 euroko sariak banatuko dituzte, urtarrilaren 6ko loteriaren zozketarekin batera

  Gaur hasi eta urtarrilaren 5era bitartean, kanpainarekin bat egin duten saltokietan 100.000 zenbakidun-papertxo banatuko dituzte, erosketak egiten dituzten bezeroen artean. Zenbaki horiek urtarrilaren 6ko loteria nazionaleko zozketaren arabera sarituko dira. Hala, loteriako lehen saria lortzen duen zenbakiaren jabeak 1.000 euro irabaziko ditu. Bigarren sariaren zenbakia duen boletoak 600 euro eramango ditu eta 3. sariko zenbakia duenak, 400 euro. Gainera, 30 euroko beste 99 sari banatuko dira, loteriako lehen sariaren azken hiru digituekin bat egiten duten zenbakien jabeentzat.

  Urtarrilaren 6ko loteria nazionalaren zozketa horren harira, Txandak, 4.970 euro banatuko ditu saritan. Sariak emateko ekitaldia, urtarrilaren 11n egingo da, Santa Ana aretoan (13:30). Sari potoloak lortzen dituzten hiru eroslek, 50 euroko txarteletan jasoko dute saria, eta 2025eko apirilaren 15era arteko epea izango dute gastatzeko, baina ezingo dira merkealdietan erabili.

  Txandak abiatu duen kanpaina berri honen helburua ez da soilik bezeroak saritzea, baizik eta tokiko saltokiei ikusgarritasuna ematea ere bai, oñatiar guztiak herriko merkataritza babestera gonbidatzearekin batera. Gabonetako kanpaina berezi hau Txanda dendarien elkarteak antolatu du, Oñatiko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzarekin.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!