“Txondorran bueltan” proiektua igandean gizarteratuko da, orbeletia eta estai-batzerako auzolanarekin
Gure bazterrak elkartetik sortu baina irekia den talde baten proiektua da Txondorran bueltan. Proiektu etnografiko honek helburu asko biltzen ditu bere baitan: garai batean gure basoetan ohikoa zen txondorra egiteko prozesuaren ezagutza jaso, herriko ekonomian zuen garrantzia aztertu eta aitortu, ikazkintzaren inguruan sortu ziren lanbide eta jarduera osagarriak ezagutu eta, etorkizunera begira, balizko ekonomia jardun moduan bideragarria litzatekeen aztertu. Izan ere, Nafarroan bada egur-ikatza egiten duenik, erretegi, sagardotegi eta partikularrei saltzeko.
1995ean txondorra egin zuten Araozko Txapelena baserrikoek lagunduta txondor berria egin eta ixutuko da San Martinen ekainean. Baina bitartean, hainbat auzolan eta gaiaren inguruko hitzaldi eta ekitaldiak antolatu dira. Hilero ekintza bana programatu da egitasmoa gizarteratzeko. Eta lehena, orbeletia eta estai-batzeia auzolana da, igande goizean herriko basoetan egingo dena.
Ikazkintzan, orbel eta lurrezko estalkia jartzen zaio txondorrari. Estalki horretarako orbela bilduko da igande goizean. Arantzazuko Ama kaleko Eroskiko aparkalekuan egin da hitzordua, 9:00etan, eta bertatik herriko basoetara joango dira orbela batzera. Lan tresnak antolatzaileek eramango dituzte eta hamarretakoa ere jarriko ei da.
Egurra eta txondor plaza nahiz etxabola San Martinen prestatzeko eta behin txondorra ixututa honen zaintza egiteko beste bi auzolan deialdi egingo dira, maiatzean eta ekainean. Mendi irteera, film emanaldia, hitzaldiak eta erakusketa ere antolatu dira.
Txondorra eta egur-ikatza egiteko pago-egurra abenduan mozteko asmoa dago. Horretarako udalarekin adostuko da zein herri basotik atera. Egurra moztu, garraiatu, txondorra egin, ixutu eta egur-ikatza ateratzeko prozesu osoa grabatu eta dokumentatuko da, ondoren ikus-entzunezko bat sortzeko.
Txondorran bueltan proiektu etnografikoak Udalaren babesa dauka, ez bakarrik egurra atera edo txondorra egiteko lekuaren erabilera baimentzeko, baita ekonomikoki ere. Gure bazterrak elkartearen eta Udalaren arteko lankidetza hitzarmena aho batez onartu zen azken osoko bilkuran eta, horren harira, 7.000 euroko dirulaguntza bideratuko du Udalak, 4.000 euro, aurten, eta gainontzekoa, datorren urtean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!