“Tokiko merkataritza” marrazki erakusketa antolatu du Txanda elkarteak
Kanpainaren helburua etxeko txikiengana hurbiltzea da, herriko saltokiak ezagutarazteko: nork, zer eta non saltzen duen jakin dezaten. Aldi berean, txikizkako merkataritzaren inguruan hausnartzera gonbidatzen dira, gaiari buruzko marrazkia egin eta saltokietan egingo den erakusketan parte hartuz.
4 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago ekimena: tokiko merkataritza gaia oinarri hartuta, marrazki bat egin eta Txandako saltokiren batean utzi behar da. Dendan, izen abizenak eta telefonoa eskatuko zaie. Lanak aurkezteko azken eguna irailaren 23a izango da. 25ean berriz, jaso diren lan guztien artean zozketa egingo da eta 10 sari banatuko dira: batek, 100 eurotan baloratutako opari sorta eta 50 euroko erosketa txartela jasoko du eta gainontzeko 9 sarituek, 50 euroko erosketa txartel bana. Dendarien elkarteak garbi utzi nahi du ez dela marrazki lehiaketa bat eta sariak, ausaz banatuko direla, zozketa eginda. Sari banaketa ekitaldia, irailaren 28an, herriko plazan egingo da eta ondoren, aurkeztu diren marrazkiak saltokietako erakusleihotan ikusgai jarriko dira, urriaren 13ra arte.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!