Oñatiko udala

“Pauso Berriak” programa garatzeko hitzarmena luzatu dute Udalak eta Atzegi-Gureak-ek

2024/10/16
Card image cap
Lanean ari den langileak beste urtebetez jarraituko du udaletxean

  Adimen desgaitasuna duten pertsonen laneratzea helburu du Pauso Berriak izeneko egitasmoak, langile berrien garapen pertsonal eta soziala sustatuz. Horren harira, gazte oñatiar bat 2022ko martxoan hasi zen udaletxean lanean eta urtebeteko formakuntza-praktikaldiaren ondoren, zerbitzu okupazionala betetzen ari da, Udalak eta Atzegi-Gureakek sinatutako lankidetza hitzarmenaren babesean. Orain, hitzarmena beste urtebetez luzatzea erabaki dute alde guztiek eta langileak udaletxean lanean jarraituko du. Hitzarmen honen baitan udaletxean ari den langileak administratibo lan ezberdinak egiten ditu, astelehenetik ostiralera eta 9:00etatik 13:00etara, udaletxean eta beste udal eraikinetan.

  Pauso berriak egitasmoaren helburua, adimen desgaitasuna duten pertsonen autonomia sustatzea da, parte hartzen duten pertsonen garapen pertsonal, soziala eta lanekoa sustatuz. Baina beste helburu batzuk ere baditu: ingurune arrunteko enpresetan langile hauek dituzten gaitasunei ikusgarritasun positiboa ematea, lantaldeei eta parte hartzen duten enpresa edo erakundeei lan egiteko beste modu bat erakutsi eta lan esperientzia inklusibo baten bidez enpresaren balio sozialak praktikan erakustea eta gizarte erantzukizuna artikulatzen laguntzea, besteak beste. Egitasmo hau aurrera eramateko lankidetza hitzarmena sinatu zuten iaz Udalak eta Gureak Lanean, G.Inklusio Fundazioa eta Atzegi elkarteek eta urteko lanaren balorazioa egiteko jarraipen bileraren ondoren, hitzarmena berritzea erabaki da. Berez, 2023-2027 epealdia jasotzen du hitzarmenak baina urtez urte berritzen da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!