“Parke gorrixa” deritzon proiektua berridatzi eta lanen zuzendaritza egiteko zerbitzua kontratatu du Udalak
Etxaluze atzealdean dagoen parkea eraberritzeko asmoa aspaldikoa da. 2016. Urtean parke gorrixa izeneko proiektua idatzi zuten Altube-Negeruela-Otaegi arkitektoek. Sestra azpiko garajeak iragazgaiztu eta parkearen itxura berritzeko egitasmoa osatu zen. Baina lanak kontratatzeko zailtasunak izan zituen Udalak, esleipen prozedurara aurkeztu ziren bi enpresetako batek ez zituelako baldintzak betetzen eta besteak uko egin zuelako. Ondorioz, lizitazioa bertan behera utzi zen. Garajeen jabekideek ere aurreikusitako iragazgaizte lanak ez egitea erabaki zuten eta parkean oinarrizko urbanizazio lanak egin ziren soilik: zorua berritu zen, asfalto urtua erabiliz, hormigoizko bankuak egin eta altzariak eta argiteria berritu ziren eta txorkoak txukundu ziren.
Zazpi urte beranduago parke gorrixa deritzon inguruari beste buelta bat ematea erabaki du Udalak, Partaidetzazko aurrekontuetan onartutakoaren harira, hau da, 8 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeentzat jolas parkeetan elementu berriak jartzeko proposamenaren harira. Gaztetxoei jolastu, sozializatu eta atseden hartzeko aukera emango dieten elementu berriak jarri asmo dira Etxaluzeko parkean. Instalazioa inguruarekin bateragarri egiteko 2016ko parke gorrixa proiektua berridaztea eskatu zaie Negeruela-Otaegi arkitektoei. Bide batez, lanen zuzendaritza ere beraiek egitea jaso da udalaren zerbitzu kontratuan. Lan bikoitza 14.950 euroren truke egingo dute eta proiektua egokitzeko 8 asteko epea zehaztu den arren, lanen zuzendaritza-epea, obraren esleipenaren arabera egokitzea aurreikusi da.
Partaidetzazko aurrekontuak prozesuan 303 bozka jaso zituen jolas parkeetan 8-14 urte bitartekoentzat elementuak jartzeko proposamenak. Bosgarren aukera bozkatuena izan zen. 200.000 euro beharko zirela kalkulatu zen, onartutako 9 proposamenetatik garestiena bihurtuz.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!