“Oñatiko fabriketan emakumeen (ezinbesteko) lana” izeneko ikerketak irabazi du Selma Huxley beka
Laugarren Selma Huxley Berkham ikerketa beka Oñatin bizi baina ondarrutarra den Edurne Iriondo Plazak irabazi du. Bi proposamen aurkeztu ziren deialdira eta herriko enpresetan emakumeek izan duten, eta duten lekua jaso eta ikertuko duena lehenestea erabaki zuen epaimahaiak, ondorengo hilabeteetan ikerketaren jarraipenaz ere arduratuko denak.
Selma Huxley ikerketa beka 2017an sortu zuen Udalak, emakumeek herriari egin dioten ekarpena ikertu eta argitara ateratzeko. 18.000 euroko bekak, 18 hilabeteko iraupena du: lehenengo urtean ikerlana egingo da eta azken seihilabetekoan, lanaren zabalpen eta hedapenerako ekintzak burutuko dira.
Oñatiko industrializazioaren hasiera 1866an kokatu du Edurne Iriondo ikertzaileak, hau da, Garay y Cia-k La Minerva poxpolo fabrika martxan jarri zuenean. Ordutik gaur egunera arte, beti egon dira emakumeak Oñatiko lantegietan, nahiz eta beraien jardunari ezer gutxi erreparatu zaion. Emakume horien jatorria, hezkuntza maila, egoera zibila, lanbide eta lan baldintzak, ardurak eta bestelakoak jaso nahi ditu lanak. Egin duten ekarpena modu poliedrikoan aztertuko da eta, besteak beste, egiten zuten produkzioa, lan eskubideak edota burujabetza ekonomikoa aztertuko dira.
Herriko lantegietan lan egindako emakume eta gizonezkoen kopurua, lanbidea, hezkuntza eskubide eta ikasketa maila eta lan baldintzak identifikatuko dira eta analisi konparatiboa egingo da. Horretarako emakumeen testigantzak batu nahi dira eta herritarren laguntza eskatu du Iriondo ikerlariak. Parte hartzeko prest leudeken emakume eta enpresetako ordezkariei berarekin harremanetan jartzeko eskatu du publikoki Edurne Iriondok eta harremanetarako bi bide zehaztu ditu: 946 074 316 telefono zenbakia eta edurne.iriondo@ehu.eus posta elektronikoa.
Ondo bidean, Oñatiko fabriketan emakumeen (ezinbesteko) lana ikerketa, 2025eko udazkenerako amaituko da eta ondoren, hedapen fasea etorriko da. Selma Huxley Barkham bekari esker Oñatiko emakumiak errekadutan. XX. mendeko komertzio txikiaren etnografia feminista bat, Bizitzak erdigunean. Oñatiko zaintzaileen genealogia feminista 1950-2020 eta Oñatiko emakume mojak: izaera, bizimodua eta ekarpena ikuspegi feministatik ikerlanak egin dira, orain arte.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!