“Oñatiko erosketa-pasia” txartelak eskuragarri jarriko ditu Txanda elkarteak, astelehenean
Herriko merkataritzaren aldeko kanpaina berria hasiko du Txanda elkarteak, astelehenean. Oñatiko erosketa-pasia izeneko txartelak eskuragarri jarriko dira kanpainaren kartelaz identifikatutako dendetan eta bost establezimendu ezberdinetan zigilatuta osatzen dutenen artean, 200 euroko sariak zozkatuko ditu. Guztira, 4.200 euro banatuko dira saritan.
Herriko dendetan kontsumitzea ez ezik, establezimendu ezberdinetan erostea promozionatu nahi du Txandak kanpaina berri honekin. Ez da zaila ordea, ohiko erosleentzat herriko bost denda ezberdinetan erostea. Oñatiko erosketa-pasia beti aldean eraman eta zigilatu dezaten eskatzen akordatzea da kontua. Baina horretarako hiru aste eta erdi izango dira, maiatzaren 20an hasiko den kanpaina ekainaren 12ra arte luzatuko baita. Tarte horretan erosketa pasea bost zigilu ezberdinez osatzen dutenek, kanpainan parte hartzen duten dendetan jarriko diren postontziren batean sartu beharko dute eta zozketaren zain egon. Sari banaketa ekitaldia ekainaren 19an, 20:15etan egingo da, Bidebarrieta kaleko Euskaldun berria aretoan. 200 euroko 21 sari banatuko dira, 50 euroko erosketa bonotan. 4.200 euro guztira.
Txandak antolatu duen ekimen honek Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntza dauka. Txanda elkarteko kide diren 43 denda atxiki dira kanpainara baina elkartetik kanpoko establezimenduei ere parte hartzeko aukera eskaintzen zaie, antolatzaileekin harremanetan jarrita.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!