“Mundu digitalean seme-alaben bidelagun” tailerra antolatu da DBH1 eta 2ko ikasleen gurasoentzat
Seme-alaben alfabetatze digitala modu egokian egiten laguntzea du helburu nagusi abendu-urtarrilerako antolatu den tailerrak. Baina badira beste helburu batzuk: mundu digitalean gurasotasun positiboa sustatzea, IKTek familia-testuinguruan duten eragina ezagutzea eta familiako kide guztien espazioak eta rolak birplanteatzea, eta familian teknologiei lotutako egoerak ahalik eta ondoen kudeatzeko erronka berriei aurre egiteko beharra ezagutu eta hori lortzeko jarraibideak eskaintzea, besteak beste.
DBH 1 eta 2ko ikasleen gurasoei zuzendutako tailer honek zortzi orduko iraupena izango du, bi orduko lau saiotan banatuta; abenduaren 4 eta 11an eta urtarrilaren 8 eta 15ean egingo da tailerra. Bi talde osatzeko aukera egongo da, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz, izena ematen duen guraso kopuruaren arabera. Plazak mugatuak dira eta zabalik dago jada, izena emateko epea. Interesa dutenek, udaleko gizarte zerbitzuekin jarri behar dute harremanetan, telefonoz: 943 037 700 zenbakira deituta edo, posta elektronikoz: ongizatea@onati.eus helbidera idatzita.
AGIPAD elkartearekin elkarlanean antolatu du Udalak mundu digitalean seme-alaben bidelagun izeneko tailer hau. AGIPAD drogen abusua eta adikzioak ikertzeko eta prebenitzeko Gipuzkoak elkartea da. Telefono mugikorren erabilera goiztiarra auzitan dagoen honetan eta ziztu bizian garatzen doan IKTren aurrean bakarrik eta noraezean sentitzen diren gurasoei zuzenduta antolatu da aipatu tailerra, seme-alaben alfabetatze digitala modu egokian egiten laguntzeko asmoz. Parte hartzeko interesa dutenek azaroaren 29ra arteko epea dute izena emateko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!