“Marco” filma azaroaren 8tik 12ra emango da Oñatin, estreinatzen den asteburuan
Azaroko zine kartelera zehaztu da eta bigarren astebururako Marco pelikula programatu da, Moriartitarren azken lana. Ohikoak baino lau emanaldi gehiago programatu dira, 9 guztira, zuzendarietako bat, Arregi, oñatiarra izaki, ikusmina handia izango dela aurreikusita. Hala, azaroaren 8, 9, 10 eta 11an, arratsaldeko 19:30etan eta 22:00etan izango dira emanaldiak eta azaroaren 12an, asteartearekin, gaueko 22:00etan ere bai. Egun horretan ez da arratsaldean zine emanaldirik izango, aretoa aurrez, beste ekintza batetarako erreserbatuta zegoelako.
Veneziako Mostran aurkeztu ondoren, Donostiako Zinemaldian Perlak sailean erakutsi zen Marco baina azaroaren 8an estreinatuko da estatuko zine aretoetan, baita Oñatin ere. Javier Cercas idazlearen El impostor liburuaren egokitzapena da Marco, Enric Marco Batlle CNT sindikatuko idazkari nagusi eta Mauthausengo Amical elkarteko lehendakari izandakoaren historia. Batean zein bestean hitzaldiak ematen aritu zen urte luzez filmeko protagonista, komunikabideetan ere agerraldiak maiz eginez. Nazien kontzentrazio esparruetan preso egon eta nola biziraun zuen kontatzen zuen horietan. Baina bere biografia asmatu egin zuela eta guztia gezurra zela deskubritu zen gerora. Eduard Fernandezek interpretatzen du sindikalista kataluniarra Marco pelikulan, eta Nathalie Poza eta Daniela Brown aktoreak dauzka aldamenean.
Azaroko zine programazioan Veneziako Mostratik bueltan eta Donostiako Zinemaldiarekin ere lotura duen beste film bat ere jaso da: Pedro Almodovarren La habitacion de al lado, hain zuzen. Venezian film onenaren Urrezko lehoia saria lortu duen lana, azaroaren 15etik 18rako asteburuan proiektatuko da, printzipioz, ohiko emanaldietan. Hileko bigarren ostegunean, zine klub emanaldian, gainera, Aloña Mendiko mendi astearekin bat eginda, Mendi film festibaleko pelikula programatu da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!