Oñatiko udala

“Luis Martín-Santos Ribera" erakusketa ikusgai dago Gipuzkoako Artxibo Historikoan

2023/12/21
Card image cap
Psikiatra, idazle eta politikariaren alderdi ezberdinak bildu dira 14 paneletan

  Ramón Rubial Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateak garatu dute erakusketa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Luis Martín-Santos Ribera: una figura comprometida con su tiempo erakusketa goizean inauguratu da Ibarra Zelaian dagoen Gipuzkoako Artxibo Historiko Probintzialean eta bertan ikusgai mantenduko da, urtarrilaren 4ra arte.

  14 paneletan, Luis Martín-Santos definitzen duten ikuspegi guztiak biltzen saiatu dira: mediku-psikiatra, idazlea eta politikari sozialista. Luis Martín-Santos Ribera pertsona konprometitua izan zen; bere jardun profesionalean, politikoan nahiz zaletasunetan, gizartearekiko zuen erantzukizun zentzu eta sentsibilitate handia nabarmendu ziren. Oso gazte hil zen, 39 urterekin, trafiko istripuz, baina arrastoa utzi zuen. Datorren urtean bere jaiotzaren mendeurrena beteko da.

  Luis Martín-Santos medikuntza eta kirurgian lizentziatu zen, Salamancako Unibertsitatean. 50. hamarkada hasieran, Donostian, Akademia Erranten parte hartzen hasi zen, garaiko erregimenarekin oso kritiko ziren beste intelektual asko ezagutu eta harremanak sendotuz. Donostiako bilera horietatik, eta Madrilgo lagunengandik, jaso zituen bere ibilbide politiko eta sozial kritikoa nahiz konpromiso pertsonala taxutu zuten ideiak.

  Luis Martín-Santos Ribera: una figura comprometida con su tiempo erakusketa astelehenetik ostiralera ikusi ahal izango da artxiboaren ordutegian: 8:30etatik 14:30tara, eta asteartetan arratsaldeko 18:00ak arte. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean itxita egongo da. Erakusketa, urtarrilaren 4ra arte mantenduko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!