Oñatiko udala

“Konponbiderako giltza” manifestaziorako deia zabaldu du Oñatiko Sarek

2024/01/04
Card image cap
Urtarrilaren 13an Bilbon egingo da eta joan-etorrirako autobusak antolatu dira

  Giltzaren irudia bere egin du Sarek eta irudi hori bera nagusi izan zen urtarrilaren 13ko manifestaziorako gonbidapen ekitaldian. Hainbat herritarren babesaz irakurri zen manifestuan giltzak ireki eta ixteko balio duela gogora ekarri zen eta iraganeko minak zarratu eta konponbideari ateak irekitzeko beharra aldarrikatu zen.

  Bidean aurrera pausoak ematen jarraitzeko euskal preso, iheslari eta deportatuen aferari irtenbidea ematea beharrezkoa dela aldarrikatzen du Sarek, eta indarrean den legedia, salbuespenik gabe, aplikatzea eskatzen du. Aldi berean, elkarbizitzarako bidean jarraitu behar dela berresten du, urteetako konfrontazioa gainditu eta gizarte gisa aurrera egiteko.
Konponbidearen eta elkarbizitzaren alde, presoen etxerako atea zabalduko duen giltza eskuan hartu behar dela aldarrikatuko du Sarek Bilbon, urtarrilaren 13an. Ez da zigorgabetasuna eskatzen, legeak berak eskaintzen dituen aukerak berdintasunean baliatzea baizik.

  Sarek osatu duen manifestu orokorra irakurri ondoren, Joseba Arregi eta Gotzon Telleria Oñatiko presoen egoera larria gogora ekarri zen eta urtarrilaren 13ko Bilboko hitzordua haien askatasuna eskatzeko zita garrantzitsua dela azpimarratu zen. Konponbiderako giltza lema izango duen manifestazioak Bilboko kaleak zeharkatuko ditu datorren astean, hilaren 13an, 16:00etan hasita. Oñatitik autobusak antolatu dira eta txartelak eskuragarri egongo dira kale Barrian, Ibarrondo liburu-dendak edo lehenago Gure Eskuk erabili zuten lokalean. Bulegoa arratsaldero irekiko da, 18:00etatik 20:00etara, gaurtik aurrera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!