Oñatiko udala

“Kale Zaharra-Otadui zuhaiztia” eremuko irisgarritasun plana aho batez onartu zen Osoko Bilkuran

2024/03/06
Card image cap
Exekuzio proiektuak aurreratzen joatea da asmoa

  Kale Zaharra, Otadui zuhaiztia, Lizaur kalea, Unibertsitate etorbidea eta Aita Madina barnebiltzen dituen eremuaren irisgarritasun plana eskatu zion Udalak A2B arquitectos enpresari, iaz. Kale Zaharra-Otadui zuhaiztia eremua 9 fasetan gauzatzea aurreikusten du planak eta oinezkoen segurtasuna hobetu, oztopoak kendu eta ibilgailuen zirkulazioa egokitzeko hainbat esku-hartze zehazten ditu.

  Plana aho batez onartu zen azken Osoko Bilkuran. Horrek ez du esanahi, ordea, lanak berehalakoan hasiko direnik, plana nahikoa zehatza den arren, fase bakoitzari dagozkion exekuzio proiektuak osatu behar direlako. Eta horiek egiten hastea da asmoa, Iñigo Ruiz Hirigintza batzordeburuak batzarraren ondoren azaldu zuenez. Irisgarritasun lanen inguruan, jada martxan diren Olakua eta San Lorentzoko planek lehentasuna dute udalarentzat, baina Kale Zaharra-Otadui zuhaiztia eremuari ekitea da hurrengo asmoa.

  Onartu berri den irisgarritasun planak epe motzeko, ertaineko eta luzeko esku hartze eta faseak bereizten ditu. Espaloiak irisgarritasun arau eta neurrietara egokitzea, zoladurak berritzea, eta mugikortasun mugatua duten pertsonentzako aparkaleku gehiago egokitzea eta altuera maila aldaketa nabarmena duten lekuetan barandak edo alboko babesleak jartzea aurreikusten du, besteak beste, planak. Aldaketak ere proposatzen dira, ibilgailuen zirkulazio-norabidean eta aparkalekuetan.

  Otsaileko Osoko Bilkuran onartu den plana abenduan aurreratu zen, eta bereziki azpimarratu ziren Otadui zuhaiztirako aurreikusten diren esku hartzeak. Oro har, oinezkoen pasealekua osorik berritzea proposatzen da, esku hartze integrala: bankuak lituzkeen lorategi bat jarriko litzateke oinezko bidearen ertz batean, zoladura bereizgarriko lerroak erabiliko lirateke orientazioa errazteko, ibilgailuen pasabideak egokituko lirateke oinezkoen babeserako, mugikortasun mugatua duten pertsonentzako aparkalekuak ugarituko lirateke eta autobus geltokia egokituko litzateke, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!