“Jaima” elkartearekin hitzarmena egin du Udalak, Oñatira etorri diren Saharako haurren gastuak arintzeko
Oporrak bakean programaren baitan Oñatiko familiekin uda pasako duten lau adin txikikoei harrera egiteko elkarlan eta dirulaguntza hitzarmena onartu du Udalak Jaima elkartearekin. Gaia, ekaineko Osoko Bilkuran azaldu zen eta aho batez onartu zen.
Uda Oñatin pasatzera bost haur saharar iritsi ziren igandean: Ahmed, Abdelkader, Farah, Amal eta Lualy. Azken hau, Lualy, lehenengo aldiz etorri da gurera. Berez, bost adin txikiko diren arren, harrera familietako bat ez dago Oñatin erroldatuta eta, ondorioz, Udalak Jaima erakundearekin onartu duen hitzarmenetik kanpo geratu da.
Igandean iritsi ziren Euskal Herrira Saharako errefuxiatuen kanpamenduetako ia 200 haur, aurreikusitakoa baino egun batzuk beranduago. 8 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoak dira eta bi hilabete emango dituzte gure artean, uztaila eta abuztua. Bi hilabete horietan basamortuko tenperatura alturik ez dute izango eta gure inguruak eskaintzen dien beste errealitate bat ezagutu eta gozatzeko aukera izango dute: itsaso eta igerilekuetan jolastuko dute; fruta, barazki eta bestelako produktu freskoz elikatuko dira, eta, beharra dutenek, osasun asistentzia egokia ere jasoko dute, Osakidetzarekin izenpetutako akordioari esker. Gurera etortzen diren haurrek ez dute aparteko osasun arazorik baina begitako edo azaleko arazotxoak askok dituzte, eguzkiak eta basamortuko baldintza gogorrek eraginda.
Opoarrak bakean haur sahararrekiko elkartasun programa dela eta haurren osasuna eta garapenerako aukera ematen duen egitasmoa dela kontutan hartu du Udalak, Jaima elkartearekin hitzarmena egiterakoan. Programak urte askotako ibilbidea eta esperientzia duela eta hainbat herritar neska-mutikoak etxean, familian hartzen, aktiboki inplikatzen direla ere positiboki baloratu da. Oñatiko familietara etorri diren lau neska-mutikoen bidaia gastuak zehaztu dira eta Jaima elkartearekin lankidetza hitzarmena sinatu eta 3.160 euroko dirulaguntza ematea onartu zen azken Osoko Bilkuran.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!