Oñatiko udala

“Izan gogo gara” jardunaldiak antolatu ditu Oñatiko Nabarralde taldeak

2025/03/20
Card image cap
Bertako historia ezagutzera emateko hitzaldiak, erakusketa eta irteera antolatu dira datorren hamabostaldirako

  Gure herriaren memoria kolektiboa berreskuratu eta ezagutzera emateko helburuz ekin zion Oñatiko Nabarralde taldeak Euskal Herriko historiari buruzko jardunaldiak antolatzeari. Aurtengoak seigarrenak dira, eta Euskal Historian adituak diren goi mailako hizlariak gonbidatu dira, beste behin.

  Jardunaldiek iraungo duten bi asteetan HABITAT. Euskaldunon historia mapen bitartez erakusketa Kultur etxean ikusteko aukera izango da, martxoaren 24tik apirilaren 4ra. Lehenengo egunean, bisita gidatu irekia egingo du erakusketaren komisario den Beñi Agirrek. Bi asteetan zehar bisita bereziak ere egingo ditu DBH4ko ikasleei zuzenduta. 

  Martxoaren 25ean Ezkutatu diguten historia izeneko hitzaldia emango du Idoia Arrietak; apirilaren 1ean, Kepa Anabitarte pasaiatarraz eta XX. mendeko abertzaletasun ahaztuaz arituko da Eneko Bidegain eta hurrengo egunean, apirilaren 2an, mendeetan Oñatin nagusi izan zen Gebara leinuaren nondik norakoak azalduko ditu Iñigo Larramendik. Hitzaldi guztiak Kultur etxeko zine aretoan izango dira, 19:00etan hasita. 

  Martxoaren 30ean, bestalde, Gazteluaitzera ibilaldia egingo da, XI. mendean bertan izan zen gazteluaren aztarnak ikusiz, Nafarroako Erresumaz eta Antso Nagusiaren erregealdiaz argibideak ematen diren bitartean. Arantzazuko Sindika ostatu aurrealdean eta 9:00etan egin da hitzordua.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!