Oñatiko udala

“Irunberri, 1990: Arroilaren negarra” liburua aurkeztu da Donostian

2023/04/21
Card image cap
(Arg: naiz)
Asteazkenean Santa Ana aretoan herri mailako aurkezpena egingo da

  Gure Bazterrak elkartearen eskariz egindako ikerketatik sortu den liburua da goizean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean aurkeztu dena. Irunberriko arroilan 1990eko ekainaren 25 eta 26an gertatutakoak jaso dira liburuan, Susana Arregi oñatiarra eta Jon Lizarralde andoaindarra hilik eta German Rubenach iruindarra larriki zaurituta agertu zireneko gertaerak. Egun gutxira, beren buruaz beste egin zutenaren bertsio ofiziala zabaldu zuen Corcuera ministroak. Baina bertsio ofizial askoren atzean giza eskubideen urraketa larri ugari ezkutatu direla esan du liburuaren aurkezpenean Egiari Zor Fundazioko kide Pilar Garaialdek.

  Corcuerak eman zuen suizidioaren bertsioa justiziak berak bertan behera utzi zuela argitu du Pako Aristi idazleak, Rubenach-en kontrako epaiketan Arregiri tiro egin izana frogatzeko oinarririk ez zegoela ondorioztatu baitzen.

  Lagun askoren ikerketa oparoari forma ematearen arduradun gisa azaldu da Pako Aristi gaurko aukezpenean. Eta egia argitu asmoz, bertsio ofizialaren aurrean beste bertsio alternatibo bat osatu dutela esan du.

  Erein argitaletxeak kaleratu du Irunberri, 1990: Arroilaren negarra liburua. Nobela baten antzera arin irakurtzen den lana ikerketa lana sakona dela aipatu du Uxue Razquin editoreak. 

  Gaur Donostian presentatu den liburuaren aurkezpena Oñatin ere egingo da, asteazkenean, Santa Ana aretoan, 19:00etan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!