“Iraunkortasunari Hamaika Begirada” izeneko jardunaldia antolatu du Debagoiena 2030 ekimenak maiatzean
Iraunkortasunari Hamaika Begirada izenburupean, klima larrialdiaz eta energia trantsizioaz hausnarketa egiteko jardunaldia antolatu du Debagoiena 2030 ekimenak, Debagoieneko Mankomunitatearekin eta eskualdeko udalekin elkarlanean. Helburua da klima larrialdiak Debagoienean izango duen inpaktua ezagutzea, arlo eta ikuspegi desberdinak elkarjosiz. Ekitaldi nagusia maiatzaren 24an egingo da, Arrasateko Kulturateko klaustroan eta bertan, eremu desberdinetako aditu eta arituak izango dira Debagoieneko errealitatea aztertzen.
Klima larrialdia Debagoienean eta honek eskualdeko biodibertsitatean, lehen sektorean, hirigintzan eta lurralde antolamenduan, ur-sisteman, industrian edo fluxu demografiko eta osasunean aztertuko da. Energia trantsizioaren gakoak ere azalduko dira, besteak beste. Eskualdeko eragile eta herritarrei, orokorrean, zuzendutako jardunaldi nagusi hau, 9:00etatik 16:30ak arte luzatuko da Arrasateko Kulturateko klaustroan, esan bezala,. Bertaratzeko interesa dutenek izena eman behar dute maiatzaren 17a bitartean.
Aipatu jardunaldi nagusiaz gain, egun bizi dugun testuinguru konplexuan, eskualdeko administrazio publikoek bete beharreko rolaren gainean hausnartzeko espazioa ere sortu gura du Debagoiena 2030 ekimenak, fokua energia trantsizioaren alorrean jarriz. Horretarako goizeko jardun espezifikoa egingo da Oñatin, udaletxean, ekainaren 12an. Bereziki eskualdeko zein inguruko administrazio publikoetako politikari eta teknikarientzat antolatu den saio honetan Tokiko administrazioa energia trantsizioaren aurrean gaia jorratuko da.
Bestalde, erakusketa ibiltari bat ere antolatu du Debagoiena 2030 ekimenak, Debagoieneko diagnostiko energetikoa eta bere inpaktuak ezagutarazi, aukerak mahai-gaineratu, eta erronka honen inguruko hausnarketak partekatzeko. Erakusketa Eskoriatzan eta Aramaion egongo da ikusgai maiatzean zehar eta Bergaran eta Arrasaten ondoren. Erakusketan, gainera, energia fakturen inguruko azterketa egiteko aukera eskainiko da egun baten, Goienerren eskutik. Eskoriatzan maiatzaren 15ean izango da eta Aramaion, 24an.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!