Oñatiko udala

“Euskara eta bidea” UEMAk osatutako adierazpena aho batez onartu zen Osoko Bilkuran

2023/12/01
Card image cap
Euskararen biziberritzean eta herritarren hizkuntza eskubideen defentsan jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen udalbatzak

  Euskararen haritik bi mozio-idatzi aurkeztu ziren asteazkeneko Osoko Bilkuran; EAJk Eudelek osatutakoa eraman zuen eta EH Bilduk UEMAk osatutakoa. Jeltzaleenak, digitalizazioaren aroan sartuta egonik, hori euskararen zabalkundearen alde erabiltzea aldarrikatzen du. Gobernu taldeak aldiz, UEMAk osatu eta onartutako idatzia aurkeztu zuen, egungo egoerak eta , bereziki, euskararen kontrako erasoek haratago joatea eskatzen dutela ondorioztatuta.

  Euskaldunak gara eta euskaraz garela aldarrikatuz hasten da mozio-idatzia, UEMAko herrien nortasunaren ezaugarri esanguratsuenetakoa horixe dela erantsiz. Euskararen Nazioarteko Eguna zer garen gogoratzeko eguna izan ohi dela dio idatziak, baina baita ere, euskararen aurka eman diren auziak gogora ekarri eta salatzeko. Alde horretatik, konpromiso bikoitza hartzea proposatzen da: batetik, euskararen biziberritzean eta herritarren hizkuntza eskubideen defentsan eredu eta bide urratzaile izateko konpromisoa. Bestetik, euskarak ezinbestekoa duen lege babesa lortzeko lanean gainerako erakundeen eta eragileen bidelagun izateko konpromisoa. Erakundeei eredu izatea dagokien aldetik, euskararen lurgunea handitzeko urrats sendoak ematen jarraitzeko asmoa berresten da euskara eta bidea herritarrei emanez.

  Euskararen harira EH Bilduk aurkeztu zuen bigarren mozio honek udalbatza osatzen duten bi udal taldeen aldeko botoak jaso zituen eta aho batez onartu zen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!