“Esaiozu euskaraz!” hiztegia zaintza-langileentzat
Zaintza arloan diharduten langileentzako oinarrizko hiztegia osatu du Udalak. Tamaina txikiko lana da, poltsikoan erraz eraman daitekeena eta kontsultatzeko erraza. 21 ataletan banatzen da, egoera edo leku konkretu batean erabilgarrien diren hitzak eta komunikatzeko esamoldeak jasoz. Gorputz atalen izenak, koloreak, zenbakiak, asteko egunak edota hilabeteak ere bildu dira.
Azkoitian egin zuten antzerako hiztegia izan dute oinarri eta herri hizkeran idatzi da, ahozkotasunari lehentasuna emanez. Lan garrantzitsua dela aipatu du hiztegitxoaren aurkezpenean Iñaki Olalde euskara batzordeburuak. Garrantzitsua zainduei euren hizkuntzan zuzendu ahal izateko eta garrantzitsua, gurean zaintza lanak egiten dituztenei euskara erabilgarria zaiela ikusarazi eta hizkuntza berrira hurbilarazteko.
Euskaltegian zaintza arloan dihardutenei zuzendutako euskara ikastaroak egin dira azken urteetan eta bertan aritu diren hainbat ikaslek ikusarazi zuten halako material baten premia. Ikasleak izan dira gainera zer eta nola behar zuten adierazi dutenak, hau da, hiztegian jaso denaren iturburua, nolabait esanda.
48 orrialdeko hiztegitxoaren 1000 ale argitaratu dira. Zaintza arloan dihardutenentzat erabilgarriak diren eguneroko hitz eta esamoldeak jasotzea izan da helburua. Jaso eta erabili ditzatela. Horregatik, zaintza lanetan ari direnei banatuko zaie. Beharra ikusten duten herritarrek ere eskuratu ahal izango dute, udaleko Euskara zerbitzura bideratuz. Udaleko web atarian ere zintzilikatu da eta Durangoko Azokan, Badihardugu elkartearen txokoan eskuragarri jarriko da.
Iturria:Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!