“Energiaren zikloa aktibatu” ekintza sorta antolatu du Udalak, energia berriztagarrien inguruan hausnartzeko
Aurreko legealdian aurkeztu zen Oñatiko Energia Planaren haritik hainbat egitasmo martxan jartzen ari dira. Horietan hurrengoa, herritarren konplizitate eta parte hartzeaz osatu nahi den energia komunitateen eratze prozesua da. Horren haritik, energia ereduen inguruan hausnartu, energia komunitateez jardun eta herriko energia azpiegiturak ezagutzeko ekintza sorta antolatu da datozen asteetarako. Irainkortasunaren bidean, herritarrekin lankidetzan aritzeko sarea osatu nahi du Udalak.
Hasteko, hiru hitzaldi emango dira Kultur Etxean, datozen hiru asteetan: maiatzaren 20an Oñatiko egoera eta aukera energetikoei buruz berba egingo da, 28an, argindarraren merkatua egun nola dagoen azalduko da, eta ekainaren 5ean berriz, energiaren gaiari erantzun kolektiboa nola eman dakioken argituko da. Tartean, maiatzaren 22ko arratsaldean, Oñatiko energia azpiegiturak ezagutzeko irteera egingo da, Olateko zentral hidroelektrikoa eta Oñargiren Bustinzuloko azpiestazioa bertatik bertara bisitatuko dira, argibideak jasotzearekin batera. Azkenik, D2030 erakundeak antolatu duen Debagoieneko egoera eta aukera energetikoak izeneko erakusketa Oñatira ekarriko da eta Kultur Etxean ikusteko aukera izango da ekainaren 24tik 28ra, goiz eta arratsaldez.
Udala eta herritarren arteko elkarlanerako oinarriak jartzea da antolatu den ENERGIAREN ZIKLOA AKTIBATU programazioaren helburua eta herritarrak parte hartzera gonbidatu ditu alkateak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!