Oñatiko udala

“Emakumeak eta arkeologia: atzo, gaur eta bihar” gaia jorratuko da III. Arkeotopaketetan

2024/04/12
Card image cap
20ren bat ikerlari elkartuko dira apirilaren 17tik 19ra, unibertsitate zaharrean

  Ikerketa arkeologikoan aspalditik ari dira emakumeak, nahiz eta hauen lanari ikusgarritasunik ez zaien eman orain gutxira arte. Jakina da, Oñatin bertan, Sancti Spiritus unibertsitateko ikasleen zerrendan emakume bat matrikulatuta zegoela XIX. mende hasieran: Maria Antonia de Cortazar Zuzenbidea karrerako ikasle zen 1806-1807 ikasturtean. Aurrekari historiko horrek are eta aproposagoa bihurtzen du unibertsitate zaharra egungo ikerketa arkeologikoan emakumeak duen espazioaz eztabaidatzeko. Genero-arkeologiak hainbat bide ematen ditu, emakumeek kontakizun arkeologiko baten eraikuntzan duten lekua azaltzeko, beti ere genero ikuspegia oinarri hartuta. Orainaldian ez ezik, iraganean eta etorkizunean ere egin litezkeen irakurketa horiek biltzen saiatuko dira Oñatiko Unibertstitatea III. Arkeotopaketa jardunaldietan.

  Aurreko saioetan bezala oraingoan ere, Arkeotopaketak hainbat ikerlari elkartu ez ezik, publiko orokorrari zuzendutako ekintza bat ere ekarriko du, hitzaldi irekia, hain zuzen, asteazkenean. Valetziako historiaurreko museoko kontserbatzaile eta genero arkeologian eta ondarearen zabalkundean aditua den Begonya Soler gonbidatu da Las mujeres en la Prehistoria hitzaldia egitera. Sancti Spiritus unibertsitatean izango da, 19:00etan.

  Unibertsitate zaharrean bertan elkartuko dira baita ere, III. arkeotopaketa hauetan parte hartuko duten 20ren bat ikerlari. Espainiako unibertsitate eta ikerketa zentro desberdinetan diharduten adituak dira eta egiten ari diren lanen berri elkarri emango diote. Asteazkenean, arratsaldeko 16:00etan emango zaie hasiera Oñatiko Unibertsitatea III arkeotopaketa hauei eta ostiral eguerdira arte luzatuko dira.

  Oñatiko unibertsitatea Areotopaketak Udalak eta EHUko Historiaurreko taldeak izenpetutako lankidetza hitzarmenaren baitan kokatzen dira. 2019ko abenduan sinatu zen lehen hitzarmena, lau urtetarako, eta berriki berritu da beste lau urtetarako. Lankidetza hitzarmenaren helburua da, herriko ondare arkeologiko eta paleontologikoa babestu eta ezagutzera ematea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!