“Egin nirekin ere euskaraz!” kanpaina abiatu du UEMAk

2023ko azaroan ekin zion UEMAk Egin nirekin ere euskaraz! kanpainari, euskaldun arrazializatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko asmoarekin. Haurrak eta nerabeak izan ziren lehen kanpaina haren irudia, eta ekimenak oihartzun zabala izan zuen. Orain, urrats berri bat emanda, beste herrialdeetatik etorri eta, gurean, ostalaritzan eta merkataritzan lanean ari diren euskaldunak ikusarazi nahi dira, hauekin euskaraz jardutea sustatzearekin batera. Aurreiritziak gainditu eta lehen hitza euskaraz egiteko gonbidapen berria da, euskaraz jarraitzeko gaitasuna baitute parean ditugun tabernari, zerbitzari edo dendari askok.
Kanpaina honen abiapuntuan Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan egitasmoa dago. Kulturartekotasuna lantzeko programa Zaldibian hasi zuen UEMAk, HUHEZIrekin eta herriko hainbat eragilerekin batera; azken urteotan beste 29 herritara zabaldu da. Oñatin bertan, merkatari eta ostalarientzat euskarazko ikastaroak antolatzen ditu Udalak, ulermena landu eta oinarrizko hiztegia barneratuta, euskarazko mandatu eta eskaerak erantzun ahal izateko. Baina lanketa eta ahalegin handia egin arren aurreiritzien pisua astuna da eta beste herrialdetatik gurera etorritakoei askotan erdaraz egiten zaie, euskaraz dakiten arren. Horren aurrean, euskarak kolore asko dituela, eta azalaren kolorea askotarikoa izan arren herritar horiek ere euskaldunak direla nabarmendu nahi du UEMAren kanpainak.
Azkoitia, Mutriku, Ibarra, Tolosa, Arbizu, Etxarri Aranatz, Larrabetzu, Lezo, Lekeitio edota Zaldibiako ostalariak eta merkatariak dira kanpainari aurpegia jarri diotenak, baina Oñatikoak ere egon zitezkeen tartean. Euskara ez da beraien lehen hizkuntza, baina euskara ikasi dute, eta euskaraz aritzeko gai dira eta hala berba egin nahi dute bezeroekin. Gazteleraz egiten zaienean, zeharka, kanpokoak direla esaten zaiela sentitzen dute.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!