Oñatiko udala

“Demokraziaren Berrikuntza” jardunaldiak egingo dira urrian Bilbo eta Oñatin, Arantzazulab-ek antolatuta

2024/09/20
Card image cap
Ekimenean parte hartzeko izen-ematea zabalik dago

  Berrikuntza eta demokrazia indartzeko erronka konplexuen testuinguruan antolatu ditu Arantzazulab-ek Demokraziaren berrikuntza jardunaldiak. Urriaren 9tik 11ra egingo dira, eta askotariko adituen eskutik, gaia eztabaida publikora eraman nahi da, demokraziaren berrikuntzaren esparruko joerak ezagutu eta eraldaketarako inspirazioa jasotzeko helburuz. Gogoeta partekaturako espazioa sortu nahi da eta eztabaida horiek Arantzazulab-en egiten den lanarekin lotu nahi dira. Izan ere, Arantzazulab demokraziaren berrikuntzarako laborategia da eta gobernantzaren berrikuntzan erreferentzia zentro bihurtzen ari da, bertan burutzen diren ekintzei esker.

  2020an sortu zen Arantzazulab eta lankidetzazko gobernantzaren alorrean modu berritzailean ikertzeko eta esperimentatzeko gunea da. Horretarako eragile ezberdinen arteko lankidetzak sustatzen ditu eta nazioarteko ezagutza tokiko balio eta kulturarekin errotzen saiatzen dira. Hori egingo da Demokraziaren Berrikuntza jardunaldietan ere, tokiko eta nazioarteko adituak gonbidatu dira.

  Jardunaldietara berrikuntzaren alorreko profesionalak, arduradun politikoak, eragile sozialak , ezagutza-eragileak, ikerlariak eta herritarrak batzea da helburua. Izen-ematea zabalik dago, irailaren 24ra arte.

  Urriaren 9ko jarduna Bilboko Euskalduna jauregian izango da eta 10 eta 11koak Gandiaga topagunean egoitza duen Arantzazulab-ek. Euskalduna jauregian egin da jardunaldien aurkezpena astean eta besteak beste Izaro Elorza alkateak parte hartu du. Erronka berriei gobernantzarako modu berriekin erantzun behar zaiela eta erakundeetan herritarren partaidetzarako espazio berriak sortu eta bitartekoak eskaini behar zaiela esan du eta gaia lantzeko Arantzazulab-ek antolatutako jardunaldiok aberasgarriak dira, saretzeko, esperientzia desberdinak ezagutzeko eta gureak ezagutarazteko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!