Oñatiko udala

“Debagoieneko egoera eta aukera energetikoak” erakusketa ireki da Kultur Etxean

2024/06/24
Card image cap
Udalak antolatutako “Energiaren zikloa aktibatu” kanpainari dagokion azken ekitaldia da

  Maiatza eta ekaina bitartean osatzen ari da Udalak antolatutako Energiaren zikloa aktibatu informazio eta sentsibilizazio kanpaina. Horren harira, Olateko zentralera eta Bustinzuloko transformazio zentrora bista gidatua egin zen eta hainbat hitzaldi antolatu dira, energiaren sektorea herritarrei hurbildu eta administrazioarekin batera zertan eragin dezaketen azaltzeko. Kanpaina, aste osoan zehar bisitatu ahal izango den erakusketaz osatuko da.

  Debagoiena 2030aren ekimenez osatutako Debagoieneko egoera eta aukera energetikoak erakusketa Kultur Etxean ireki da gaur goizean, eta bertan ikusgai mantenduko da ostiralera arte. Larrialdi eta trantsizio energetikoari buruzko erakusketa ibiltari hau goiz eta arratsaldez bisitatu daiteke, 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etatik 20:30etara. Erakusketa elebiduna da, eta argibideak euskaraz nahiz gazteleraz azaltzen dira. Baina ahotsez, zuzen zuzenean ere entzun ahal izango dira asteazkenean, bisita gidatua programatu baita arratsaldeko 18:00etarako. D2030eko ordezkariek emango dituzte azalpenak, euskaraz.

  Aurrez, Arrasaten edota Bergaran erakutsi den erakusketa hau, ostiral arratsaldera arte izango dugu Oñatin, Kultur Etxeko erakusketa gelan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!